Hiztegiak, lagun eta etsai

Koldo Biguri Otxoa de Eribe

Hiztegi elebiduna lagunik onena eta etsairik gaiztoena izan daitezke aldi berean itzulpen lanari ekin behar dionarentzat, euskararen kasuan bereziki. Arituaren arituaz, eta batez ere adinak ematen duen sen bereziaren laguntzaz, itzultzaile ohartua gutxi gorabehera moldatzen da euskal hiztegien soroetan dauden segada eta zepo ugarietatik ihes egiten, baina zin dagizuet oso neketsua izaten dela itzulpen ikasketak egiten ari den ikasle bati azaltzea zergatik ez duen erabili behar euskal hiztegietan “ohore” guztiez jasota datozen itzulpen-ordain asko eta asko, zergatik diren desegokiak edo, besterik gabe, arbuiagarriak. Adibide bat besterik ez:

Demagun “suntuoso” adjektiboa euskaratu behar dugula honako adibide hauetan: “J. de A. se construyó una suntuosa casa en…” edo “Te da la sensación de ser un espectador directo de la suntuosa Ópera de París”. Erdarazko hiztegietara joz gero, DRAEn ematen den adiera, egia esan, ez da oso lagungarria: “Grande y costoso”; zehatzagoxea, baina aukeran motza, iruditzen zait María Molinerren hiztegian datorrena: “Lujoso y magnífico”. Zorrotzagoa iruditzen zait ingelesezko dictionary.com on-line hiztegian “sumptuous” hitzarentzat aurkitu dudana: “entailing great expense, as from choice materials, fine work, etc.”; edo frantsesezko le-dictionnaire.com hiztegian “somptueux” hitzarentzat dakarrena: “Se dit d’un luxe, d’une magnificence qui a nécessité de grandes dépenses

Euskal hiztegietatik erronda egiten hasita, Elhuyarrek honako itzulpen aukerak ematen ditu: aberats, handi(os), bikain, galant, aparta, sekulako, egundoko. Tira, baten bat hurbildu edo egiten da, baina ez dut uste bat bakarra asebetegarria denik (“etxe bikain aberats handiosa” izan liteke itzulpena testu batean, baina definizioa lirudike). Zoritxarrez, Elhuyar hiztegiak adibide gisa hauxe ematen du: “Tiene una suntuosa casa: etxe galanta du”. Eta gure zoritxarreko itzulpen ikasleak, noski, hori hautatzen du. Hiztegiak dakar, ez? Baina, egiatan, nork aterako luke, alderantzizko itzulpena eginez, euskarazko “etxe galant” horretatik Urliak “casa suntuosa” bat duenik, eta ez “una casa enorme” edo “tremenda” edo “del copón”? edo, kasurik onenean, “una casa magnífica”, hiztegietan erregistro desberdin horiek denak baitatoz hitz beraren kasuan? Eta zer sentsazio subjektibo aterako genuke, beste adibidean, “Parisko Opera aberatsa” edo “Parisko Opera galanta” irakurri beharko bagenu? Sydneyko Opera House ikonikoaz inork esango luke “sumptuous” dela? Eta, euskaraz, “galanta” edo “aberatsa” ez dela? Zeren arabera neurtzen dugu galantasuna edo aberastasuna? Nola irudikatzen ditugu kontzeptu horiek?

Beno, begira dezagun orain Zehazkin, eta hara zer dakarren “suntuoso” itzultzeko: “luxu garestiko” eta “hotsandiko”; ausartuko ginateke esatera Parispo Opera “luxu garestikoa” dela? Sinpleegia eta konnotatiboegia iruditzen zait; eta bigarrenaren adiera, Orotarikoan begiratuta, “sonado, famoso, solemne” da; alegia, etxe edo Opera jauregi “suntuoso” bat, jakina, izan daitezke hotsandikoak (hots handikoak; eta, bide batez, Opera jauregiaren kasuan auskalo zer ulertuko lukeen irakurleak), baina beste zerbait esan nahi du horrek. Hala ere, horixe dakar hiztegi horrek. Eta Google Translatek “etxe aparta” dakar, baina, jakina, etxe apart edo Opera jauregi apart guztiak (Sydneykoa, adibidez) ez dira “suntuosoak”.

Honelako kasuetarako erabiltzen dira hizkuntza guztietan maileguak, eta euskaraz ere erabil genezake “suntuoso” hitza, ingelesez “sumptuous” erabiltzen duten bezala, “luxurious”, “plush”, “magnificient” sinonimoekin batera. Gure arazoa, beste askotan bezala, odoletan daramagu: mailegu eta kalko asko eta askori beti aurkitu nahi izaten diegu euskal ordain jator-jatorra beste ezer baino lehen, euskal hiztegietako zokorik zokoenetan aurkitu nahirik inguruko hizkuntza landuagoek tradizio idatzi luzearen ondoren lortu duten lexiko aberats guztiarentzako euskal ordain jator-jatorra, eta, ondorioz, mila hitz multisemikoko euskara (garbi baina pobrea, edo, pobre baina garbia) sustatuz, erregistro guztiak nahastuz eta zehaztasunari eta euskara aberastu beharrari bizkarra emanez.

Blog honetan bertan edo Itzul bezalako zerrendetako hit-paradeetan begiratzen badugu zeren inguruan sortzen diren eztabaidarik sutsuenak, zein sarrerak duen iruzkin eta ika-mika gehien, ez zait iruditzen euskarazko testuen zehaztasuna edo euskal lexikoaren aberastasuna daudenik gure grinarik piztuenen tontorrean.

8 Iruzkin

Koldo Biguri atalean

8 responses to “Hiztegiak, lagun eta etsai

  1. Iñaki Iñurrieta

    Beraz, Koldo, hik zer proposatzen duk? Suntuosoa, magnifizenta, tremendakoa…?

  2. Xabier Aristegieta

    Arrazoi guztia duzu, Koldo. Zorionak artikuluarengatik.

    “Ez utzi egiari albiste on bat hondatzen”, dio kazetaritza sentsazionalistak. “Ez utzi zehaztasun-premiari euskal hitz jator bat zokoratzen”, diote, edo pentsatzen dute, gure artean, askok.

    Eta zein dira horrelakoak justifikatzeko erabiltzen diren hitz famatuak? “Euskaraz ez dago horren beharrik”. Alegia, debeku formalik ez, baina emaitza bera.

    Iñaki: “suntuoso” nola? Ba, euskarazko ordainik ez badago, mailegua erabili beharko. Ez al da, ba, kasu hori, maileguen erabilera zilegitzen duena?

  3. Kaixo.
    Ados nago. Kasu honetan mailegura jo dezakegu, eta agian, horixe egin beharko genuke. Nolanahi dela ere, artikuluaren azalean dagoena baino garrantzitsuagoa da euskararentzat mamian datzana. Hau da, hizkuntza gutxitu guztien hiztunek, idazterakoan, ez dute/dugu hitz egin bezala idazten, kontu soziolinguistikoak direla medio. Baina hori ez da gure hizkuntzaren/hiztunen/itzultzaileen ezaugarri esklusiboa, hizkuntza gutxitu guztiena baino.

  4. Iñaki Iñurrieta

    Bat egiten dut, oro har, Koldoren arrazoibidearekin. Gutako nor ez dabil zalantza-dantza horietan sartuta egunero? Hala ere, kostatzen zait sinestea euskaldunok ez dugula ezagutu etxe suntuosorik, eta horregatik ez daukagula hitzik suntuosotasun hori adierazteko; etxe horiek izendatzeko, ez dugunik erabili gogobete izan gaituen hitzik.
    Beharbada, gaur egun hiztegietan aurkitzen ditugun hitzoi denei aurkitzen diegu akatsen bat, gabeziaren bat, lehenagoko euskaldunek aurkitzen ez zietena?
    “Jaukal” eta “arranditsu” ere agertzen dira hiztegietan (Plazido Mujikarenean): horiek ere ez dute balio? Ala ez dute balio orain, baina bai duela berrogeita hamar urte? Errezeloa dut “yaukal” askoz lehenago erabiltzen zutela lehen, Zaitegik-eta, gaur baino. Haien arrastoa galdu dugu, eta orain, nola hitzik ez dagoen, mailegatu egiten dugu. Izan ere, suntuoso denok ulertzen dugu, eta yaukal ia inork ez. Beraz, har dezagun suntuoso, eta ahantz dezagun jaukal (eta bide batez, ken ditzagun hiztegiotatik iraungipen-data gainditu duten hitz ugariok, traba hutsa dira eta).
    Beharrik, “suntuoso”ren kasuan, frantsesez, ingelesez eta gaztelaniaz forma bertsua tokatu zaigu, eta beraz, horrek zilegituko luke hitz hori mailegutan hartzea; baina ez dut uste hauta-lan hori gehienetan irizpide horiei jarraituz egiten denik.
    Itzultzaileok, besteak beste, ez ote genuke beste aukerarik proposatu behar?

  5. Uste dut Koldo hiztegi elebidunez ari dela. Horiek, jakina, arriskuz beterik daude itzultzaile nagiarentzat.

    Hor ditugu, ordea, OEH eta ezin konta ahala corpus; esku-eskura, horiek ere. Orotarikoak garai batera arteko erabileraren berri ematen digu, eta corpusek gaurko euskara zertan den erakusten, ezer asmatu beharrik izan gabe (edo oso noizbehinka).

    Bila ditzagun “suntuoso” eta “ostentoso” OEHn, eta antola ditzagun sarrerak harrotasun mailaren eredura:

    kostu handiko, sun(p)tuoso, ponpos, ponpiketsu, arrandios, arranditsu, harro

    Orain iruzkindu ditzagun:

    kostu handiko [motxegia]
    sun(p)tuoso [zehatza, baina zaharkitua eta bakana; ez da EPGn jasotzen]
    ponpos [etxeetarako egokia ez ote den]
    ponpiketsu [bakana; aukeran, ponpeziazkoa ezagunagoa]
    arrandios eta arranditsu [denotazioan huts egiten dute]
    harro [ez du, nahitaez, oparotasuna adierazten]

    Gezurra badirudi ere, oraindik ere maiztxo esplikatu behar izaten da erdal hitz bati ez dagokiola nahitaez euskal hitz bakarra. Batzuetan, azalpenera, zabalpenera, itzulingurura jo beharrean dago itzultzailea (zeharkako itzulpen-teknikak).

    Zenbait aukera:

    etxe finki eraikia, etxe oparo ederra, etxe handinahia, etxe edergailuz betea, etxe dotore deigarria, aberats-etxe bikaina, etxe apainkiro jantzia…

    Uste dut okerra dela auzia garbizaletasunaren (edo zehaztasunaren) inguruan planteatzea. Auzia besterik da: itzulpen automatikoa edo landua nahi dugun.

  6. Xabier Aristegieta

    Argi eduki behar dugu mailegu baten ordez itzulinguru bat gomendatzen dugunean, hiztunari lan-gainkarga bat jartzen diogula. Eta hizkuntzak ez dira garatzen hiztunari lana areagotzearen norabidean, alderantziz baizik. Hori nagitasuna dela? Ba, agian. Baina nagitasun unibertsala. Zer gertatzen da, adibidez, Espainiako komunikabideetan, orain famatu egin diren hegazkin pilotugabe horiei buruzko albisteekin? “Aviones sin tripulación”, “aviones no tripulados”, “aviones sin pilotos”… albistearen hasieran esan, eta gero, gainerakoan, “los drones” albiste osoan.

    “Itzulpen landu” arropaz janztea euskal hiztunei lepotik harri bat zintzillikatzea, gainerako hizkuntzetako hiztunak hitz zehatz bakarrarekin ederki moldatzen diren bitartean, nire ustez okerbide baten apologia egitea da, ondorio soziolinguistiko larriak dakartzana. Are gehiago, gurea bezalako hizkuntz lehia nabarmeneko egoera batean.

  7. oskar arana

    Ez dakit alemanez, baina, polisemia gehiegizkoaz ari garela:

    Traducción diccionario Collins Espanol – Aleman
    suntuoso, a adj prächtig
    (=lujoso) luxuriös

    Eta, Slaby/Grossmann-en (polisemiaz ari garela), hala nola definitzen duten pracht:

    pompa/magnificiencia/esplendor, brilo, suntuosidad, lujo…

    eta, prachtig:

    magnífico/espléndido/lujoso,suntuoso, regio/soberbio/grandioso/vistoso, ostentoso/delicioso/excelente

    Egongo da blog honetan alemanez dakienik, nik baino ondorio argiagorik ateratzeko.

    Bibliaren ingelesezko bertsio batean (Ezekiel, 27.24):

    … these traded with thee in sumptuous clothes, in wrappings of blue and broidered work, and in chests full of variegated stuffs, bound with cords and made of …

    euskarazko ordaina:

    …. Zure azoketara luxuzko jantziak, purpurazko soingainekoak, bordatuak, kolore anitzeko tapizak eta soka txirikordatuak ekartzen zituzten…

    Nik ere, beharbada, mailegua hartuko nuke. Baina, bai Koldoren eta Xabierren arrazoibideak, bai Iñaki eta Iñigorenak, denak iruditu zaizkit kontuan hartzekoak. Gure itzulpenen kalitateaz kezka ez dugula galdu erakusten dute, eta hizkuntzaren garapen-aukerez gogoeta egitera behartzen. Eskerrik asko gogoeta horiengatik guztiengatik, oso aintzat hartzekoak iruditu zaizkit denak.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s