Filmen izenburuaz

Koro Garmendia Iartza

Aurreko batean, film klasiko batek gogoetarako bidea zabaldu zidan. Nola emango nuke izenburua euskaraz? Atzerrikoa zen filma, aspaldikoa, eta zerikusirik ez dute jatorrizko hizkuntzan eman zioten izenburuak eta gaztelaniara itzulitakoan esleitu ziotenak. Itxura batean eragozpen handirik gabeko egitekoa denak buruhausteak sor diezazkioke izenburua euskaratzeko beharrean denari. Zer hobetsi? Jatorrizko hizkuntzan duen moldea ala inguru honetako herritarrei ezagun egingo zaien ordaina?

Irizpide nagusi gisa, jatorrizko izenburua euskaratzea hobesten da, baina auzo-erdaretan jarri diotenari begirik kendu gabe. Batzuetan, erraza izaten da bidea, inolako arazorik gabea; dela filmak ele bietan izen berbera hartu duelako (Pulp Fiction, Quentin Tarantino, 1994), dela jatorrizkoa eta itzulpena noranzko berdinekoak direlako (The Piano / El piano, Jane Campion, 1993).

Izenburuen arteko jauziak dira buruhausteen iturri. Duela urte batzuetako artelanen kasuan, gehienbat. Adibidez, klasikoetan klasikoa den John Ford-en The Searchers filmak Centauros del desierto izena du gaztelaniazko bertsioan. Ez hori bakarrik: Argentinan, Txilen, Mexikon eta Perun, Más corazón que odio izendatu zuten. Beste bat: Some Like It Hot (Billy Wilder, 1959). Zinemazale porrokatuak asmatuko du zein pelikulaz ari naizen, baina hainbesterainokoa ez denak jakingo al du horixe zuela izenburu Con faldas y a lo loco filmak? Hego Amerikan, berriz, Una Eva y dos Adanes.

Itzultzen erraza zirudien Rosemary’s Baby (Roman Polanski, 1968) izenburuak, baina, arrazoiren batengatik, eta seguruenik ikusleak zinema-aretoetara erakartzeko xedearekin, oso bestelako bidea hartu zuen gaztelaniaz izendatzeko orduan: La semilla del diablo. Ea beste honekin asmatzen duzuen: Avanti! (Billy Wilder, 1972). Bai? Ezaguna egiten? Ezetz? Ea, bada… Jack Lemmon… Oraindik ere ez? Egin dezagun proba gaztelaniazko izenburuarekin: ¿Qué ocurrió entre mi padre y tu madre? Eta ehun mila aldiz programatu duten beste honekin: The Sound of Music (Robert Wise, 1965). Asmatu duzu, bai: Sonrisas y lágrimas. Euskaraz izendatzeko orduan, nola jarriko zenukete? Musikaren soinua? Irribarreak eta malkoak? Ez batera eta ez bestera?

Berriagoetan ere, badugu gogoetara bederen bidera gaitzakeen adibiderik. Jungla de cristal (Die Hard, John McTiernan, 1988). Gogoratuko duzue filma: Bruce Willis kementsua kristalezko eraikin luze batean, Alan Rickman maltzurraren eta kuadrillaren aurka… Aipatu ditudan bi izenburuak, berez, ez dira baliokide, baina ez zen hain okerra gaztelaniazko izenburua, egia baita kristalezko eraikina arriskuz eta basapiztiaz betea zegoela… Itzultzailearen zoritxarrerako, pelikula horren ostean, Die Hard 2 etorri zen, eta gero beste bat, eta laugarrena ere bai… Eta kristalarekin zerikusirik ez! Baina, gaztelaniaz, eutsi egin behar aurreneko izenburu hari! Zer erremedio!

Eta beste bitxikeria bat: behin izenburua jarrita, aldatzerik ez dago. Eta dagoenarekin moldatu behar. Adibidez, Cliffhanger (Renny Harlin, 1993) filmari Máximo riesgo izenburua jarri zioten ‒euskaraz, Arrisku bizian‒, eta handik hiru urtera, Maximum Risk (Ringo Lam, 1996) izenekoa atera zuten. Nola izendatu, orduan, bigarren hori? Egokiena Máximo riesgo zen arren, horrela izendatzerik ez zutenez, ahalik eta gutxien urrunduko zen hautua egin behar izan zuten. Emaitza: Al límite del riesgo.

 

7 Iruzkin

Koro Garmendia atalean

7 responses to “Filmen izenburuaz

  1. Oso interesgarria benetan. Azkenaldian gero eta gehiago ikusten da izenburuak bere horretan uzteko joera, ingelesak gure artean zabaldu izanaren seinale: Kill Bill, Batman-en hiru azkenak (Batman Begins, Batman The Dark Knight, The Dark Knight Rises), Looper, etab.

  2. Asier Larrinaga Larrazabal

    ETBn kasu bi bereizten ditugu: 1) pelikula bikoiztu behar da; 2) pelikula programaren batean aipatu behar da.
    1) Pelikula bikoiztu behar denean, artikuluan egin dituzun gogoeta guztiak eta beste batzuk gehiago egiten dira.
    2) Filma programaren batean aipatu behar denean, gure irizpidea zorrotza da: euskarazko programetan —testuetan— kultur erreferentziak euskaraz aipatu behar dira, edo, osterantzean, jatorrizko hizkuntzan.
    Orduan, lehenengo eta behin, HIKEAn kontsultatzen dugu ea pelikula euskarara bikoiztuta / azpidatzita badagoen, eta, aurkituz gero, lehendik eman zaion izena erabiltzen dugu. The searches filma, esate baterako, Zaldunak xerka tituluarekin eman zen euskaraz azpidatzita, “Klasikoak jatorriz” programan, 2001ean —informazio hori guztia (ETBk bikoiztu duen, Zinemaldian proiektatu zen…) HIKEAn dago—.
    Filma euskaraturik ez badago, izenburuaren euskarazko bertsio bat asmatzen dugu batzuetan, eta beste batzuetan jatorrizkoa uzten dugu. Erabakia HIKEAn gordetzen dugu, berriro aipatu behar den bakoitzean berdin aipatzeko. Die Hard, adibidez, Die Hard esaten dugu.
    Kasu berezia da karteleraren berri ematea. Ostiralero ematen da albistegian EAEko zine-aretoetara heltzeko diren filmen berri, eta hor ikusleek zine-aretoetan aurkituko duten izenburua erabiltzen dugu, gaizki-ulerturik gerta ez dadin.

    • Koro

      Mila esker argibide guztiengatik, Asier.
      Itzultzaileak halako eginkizunaren aurrean izaten dituen zailtasunei buruzko izpi bat ematearren idatzi dut artikulua, labur eta xume, korapiloak sakonagoak direla jakinik.

  3. Oso interesgarria da artikulua; gai honetaz zerbait idazteko asmoa nuen, eta aurreratu zatzaizkit…
    Sortzen zaidan kezka bereziki oinarritzen da estreinaldien berri ematen denean. Hego Euskal Herriko hedabide gehienetan, gaztelerazko izenburua ematen da (zinema geletan hala delako), Ipar Euskal Herrian, aldiz, frantsesezkoa. Gehienetan filma beraz mintzo dira bi aldeetan, baina nahasgarria izan daiteke bi aldeetan ibiltzen garen euskaldunontzat, bi hizkuntzetariko bat ez baldin badakigu, edo itzulpenak desberdinak baldin badira, maiz gertatzen den bezala.
    Beste arazoa, Hegoaldeko batekin film batez hitz egin nahi dudanean eta film hori frantsesez ikusi baldin badut, ez dakidala Hegoaldeko lagun horrek ikusi duen bertsioaren izenburua zein den. Jatorrizko izena erabil daitekeela? Horretarako, hori ere jakin behar…

    • Koro

      Eskerrik asko, Eneko. Zeuk ere sor zenezake kontu honen inguruko artikulurik, gai mardula da-eta!

  4. Naiara

    Ez da lan makala datu horiek guztiak bildu eta hain euskara aberats eta erakargarrian idaztea. Gustora irakurri dut.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s