Euria zarra-zarra

Juan Luis Zabala Artetxe

«Aitortu beharra daukat: arazoak ditut emakumeekin, eta
azkenengo 25 urtean sekulakoak. Herritik kanpoko panorama
ikusita, eta herrian bertan gauzak nola aldatu diren ikusita,
ez dut jakiten maiz emakume bati ‘hi’ esan edo ‘zu’ esan.
Emakumeekin daukadan arazoak ez dauka konpontzeko
itxurarik».

(Iñaki Segurola, Arrazoia ez dago edukitzerik, Alberdania, 2012)

Euria zarra-zarra oroitzen dinat geure eskuz nola edo hala egindako egur eta plastikozko etxolaren gaineko teilatua ozen jotzen, gure barre algara urduriekin lehiatu nahian bezala. Geure eskuekin baldar baina tinko ezarritako plastiko puska narras eta zatar hura gure buruen gainean, gu euritik babesten…

Pentsatzen egon naun asko genuela ikasia ordurako, mendiko auzo txikitik mundura irten gabeko bi ume moko baino ez ginen arren; eta pentsatzen egon naun zein harreman eskasa izan duen gerora ikasi dudan gehienak orduan genekienik jakin gabe genekien guztiarekin.

Hi ez hintzen ni adina urrundu haatik, eta azken batean baserri batean bizi haiz orain, mendi- mendian, autoa hartuta kalerainoko bidea egiteko ordu erdi eskas baino behar ez badun ere.

Ba al dakin zerk egin didan sekulako ilusioa gaur egin dizuedan bisitan? Hi aspaldiko partez besarkatu eta hire senarra eta bi umeak ezagutzeaz gainera, jakina, esan beharrik ere ez zagon hori. Bada hika hitz egiteak: dinat, ninan, ez zinan, din, zagon, zauzkan, ez zaukanat, ditinagu, zizkionat…

Zenbat denbora gisa horretan jardun gabe! Neure artean eta alegiazko solasaldietan baino ez naun ni horrela aritu azkenengo 25 urtean, baina hirekin elkartu orduko egunero hala jardungo banu bezala hasi naun, akatsik egiteko beldurrik gabe, akatsik egin daitekeenik pentsatu ere egin gabe. Gozo eta eroso.

Elkarrekin geundela ez dinat ezer esan horretaz, hizketan aritzean hizketari buruz hitz egitea hizketako laguna konpromiso zatar batean jartzea iruditzen zaidalako, eta hizketaldia izorratzeko bide ia segurua. Baina orain, etxera itzuli eta gero, esan egin behar dinadala pentsatu dinat, horregatik ere nire esker ona agertzeko besterik ez bada ere.

Irrigarria irudituko litzaioken nire ilusio inozo hau askori, bazakinat. Neuri ere, dena aitortzeko, irrigarria iruditu zitzaidanan JosAnton Artze Ez dok Amairuri buruzko dokumental bateko pasarte batean, estasiaren ertzeraino miretsita ikusi nuelarik gogoratuz nola Lekarozko emakume batek «Eta zu, nor zaitut?» galdetu zion, «Eta zu, nor zara?» galdetu beharrean. Irri egin ninan nik ere, baina ez ditun gauza bera «Eta zu, nor zaitut?» eta «Eta zu, nor zara?». Gisa berean, ez ditun gauza bera dut eta dinat, diot eta zionat, nuen eta ninan, dizkiot eta zizkionat. Ni ere estasiaren ertzeraino miretsita itzuli naun etxera zuenetik bueltan.

Jabetu naun semeari normal-normal egiten dionala hika, edozertaz ari haizela eta beti, baina alabari zuka egiten dionala gehienean. Susmoa dinat alabari ere hika egin nahi dionala, baina ez zainala ateratzen, oztopo ikusezin batek eragotzi eta zuka egitera bultzatuko bahindu bezala. Oztopo ikusezin batek, traba ez identifikatu batek, inon katalogatu gabeko mamu batek.

Pena eman zidan horrek, amorrarazi egin nain, zeren eta hik ez baldin badion hika egiten hireari, zein arraiok egingo dio honezkero hika bere alabari, eta zein arraiok egingo dio geroago ere?

Euria zarra-zarra oroitzen dinat geure eskuz nola edo hala egindako egur eta plastikozko etxolaren gaineko teilatua ozen jotzen, gure barre algara urduriekin lehiatu nahian bezala. Ezerk ez gaitin sekula babestuko plastiko puska narras eta zatar hark bezala.

Iruzkin bat utzi

Juan Luis Zabala atalean

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s