Mintzagai hanpatuaz

Irantzu Epelde Zendoia

Euskara lantzean galdegaiari arreta handia eskaini izan diogula dio Pello Esnalek 2009ko lan batean; mintzagai hanpatua, berriz, baztertuta-bezala daukagula joan den aspaldian (2009: 125) [1]. Pako Aristiren poema batetik [2] hartutako adibidea dakar monografikoan, delako mintzagai hanpatuak ondotik koma nola eskatzen duen erakusteko:

Taberna bat ireki zuen, kanpoan bere izen eta guzti:

“Beckett”.

Samuel,

urte hartan bertan

jaioko zuen semearentzat

utzi zuen.

Mintzagai hanpatuarekin lotutako gaiak Euskaltzaindiko Gramatika batzordeak tratatu izan ditu, eta gehiago jakin nahi duenak EGLUn aurkituko ditu xehetasunak (Euskaltzaindia 1987: 28-29) [3]. Gaurko sarrera honetara ekarri nahi nuen gogoeta Samuel-en inguruan itzulika sortu zen hain zuzen, baina puntuazioaz besteko alderdi batetik: egungo testuetan nola azalduko ote litzateke mintzagai hanpatu hori? Koma hutsa eskuinean duela? Pausaldi prosodikoari eta doinuari lotuta dago kontua erabat, eta badut uste idatzian motz-edo gelditzen ari zaigula mintzagai hanpatuari lagun egiten dion koma txikia. Ziur asko, honela agertuko litzateke orain: Samueli dagokionez, … Bestelako indar bat emango balio bezala hor, delako -i egon-ek.

Gainera, bestalde, badut irudipena zernahitarako hitz edo egitura bihurtua dugula -i dagokionez, edo itzulpen batzuetan behintzat ez da zaila perpaus astun antzekoekin topo egitea, jatorrizko testuekin leial jokatu beharraren beharraz. Ondorengo bi adibide hauetako lehenbizikoan, gaztelaniazko en relación a itzultzeko erabili da; bigarrenean, para preposizioaren ordainetan:

1. Arabako Foru Aldundiak berdintasunaren inguruko txosten bat egin zuen 2009an, eta sarean dago eskura, Aldundiaren webgunean. Hauxe du izenburua, gaztelaniaz eta euskaraz:

Informe-diagnóstico de la realidad alavesa en relación a la igualdad

Berdintasunari dagokionez Arabako errealitatearen txosten-diagnostikoa

2. Baten batek ez badu aditu zein diren Osasun Sailak Osakidetzako langileei tabakismoaren kontra proposatutako Hamalau Aginduak, ikus dezala Osakidetzaren ataritik hartutako idatzi hau. Izenburu hauekin topo egingo du delako gomendio sortan, oraingoan ere gaztelaniaz eta euskaraz:

Código para el control de tabaco de las Organizaciones Profesionales Sanitarias

Tabakoaren kontrolari dagokionez osasun arloko erakunde profesionalen praktika-kodea

Ohartzen naiz hizkera mota bati dagokion esapidea dela hau, ezin erabilgarriagoa eta berriz ere hizkuntzaren goi maila eratzeko ahaleginean dabilen profesionalari erabat erakargarri egiten zaiona, baina neure buruari galdetzen diot ezinbestean eta beti behar ote dugun, eta mintzagai hanpatu soilak ez ote duen, tarteka bada ere, toki pixka bat gehixeago merezi.


[1] Esnal, Pello. 2009. “Testu-arkitektura eta gramatika, ekintza komunikatiboaren baitan”. Hizpide 71: 3-160.
[2] Aristi, Pako. 1998. Oherako hitzak. Donostia: Erein.
[3] Euskaltzaindia: Gramatika batzordea. 1987. Euskal Gramatika. Lehen Urratsak-1 (Eranskina). Bilbo: Euskaltzaindia.

4 Iruzkin

Irantzu Epelde atalean

4 responses to “Mintzagai hanpatuaz

  1. Oso gai interesgarria, Irantzu. Galdera pare bat dut; bat, zure testuaren harian sortua, eta bestea, berriz, lehendik neure buruari egina eta talde batean aipatua.
    1. Bildu dituzun adibide horietan, “dagokionez” gabeko aukeretan zein egingo zenuke zuk? Adibidez, berdintasunaren kasuan (lehen adibidea), hau?: “Berdintasunaz, Arabako errealitatearen txosten-diagnostikoa”. Besteren bat?
    2. Nire iritzian, “dagokionez” gramatikalki okerra dela ere esan liteke zenbaitetan (adibide hau asmatua da baina ikusi ditut halakoak):
    “Epaimahaiari dagokionez, zazpi kidek osatzen dute”. Esaldi horretako mintzagaia aditzaren NOR osagaiarekin bakarrik adieraz daiteke, nire ustez: “Epaimahaia zazpi kidek osatzen dute”. Alegia, esango nuke “dagokionez”ek ez dezakeela bete perpausean objektuaren tokia, adibidez. Zer diozu?

  2. Martin Rezola

    Ohartxo bat, badaezpada ere: oker ez banago, gaztelania txukunean “en relación con” eta “con relación a” dira erabiltzekoak, baina ez “en relación a”.

  3. Xabier Andonegi Santamaria

    Patxi, zuk aipatzen duzun kasu horren inguruan aritu ziren Esnal eta Zubimendi puntuazioa mintzagai izan zutenean, zehazki, pausa prosodikoa aipatu zutenean. Esnalen eta Zubimendiren iritziz, bazen pausa prosodiko bat komaz bereiz zitekeena, salbuespenez. Hain zuzen, hori, mintzagai hanpatuarena:
    Epaimahaia, zazpi kidek osatzen dute.

    Juan Gartziak ere aipatzen du koma hori puntuazioaren gidan, eta ez erretorikoki dio: “….sofistikatuegi gerta daiteke salbuespenezko beste arau bat ezartzea erabilera arrunterako… honelatsu dioena: subjektua kontrastezko mintzagaia bada, ezarri koma”. Eta aurrerago dio: “erabiltzekotan, aipaturiko kasu horretaraxe mugatu beharko litzateke koma hori: kontrastezko mintzagaiaren kasura”. Baina, ondoren, hauxe dio: “ahalik eta gutxien erabili beharko litzateke subjektuaren segidako koma arauz kontrako hori nahasbideak saihesteko, izaten baita bestelako konponbiderik (ordena aldatzea, tartekiren bat sartzea)”.

    (Ez Esnal eta Zubimendi, ez Gartzia, ez dira “dagokionez” horren inguruan ari zuzenean, baina bai zeharka, Eta zuk ekarritako esaldian “epaimahaia” ez da subjektua, baina balitz bezala ari garen honetarako)

    “Dagokionez” hori zuzena edo okerra den ez dakit (zozoa, berriz, ederki zozoa da), baina ez diot itxura onik hartzen. Eta, gainera, badira beste konponbide batzuk: ordena aldatzea, tartekiren bat sartzea… baita koma jartzea ere, nahiz eta hori ez den gomendagarri.

    Testuingurua ikusi beharko litzateke, baina esango nuke “epaimahaiari dagokionez, zazpi kidek osatzen dute” “epaimahaia, berriz, zazpi kidek osatzen dute” dela.

  4. Irantzu Epelde Zendoia

    Patxi, Martin eta Xabier:

    Eskerrik asko zuen oharrengatik. Interes handiz segitu ditut, eta estimatzen dizkizuet.

    Patxi, hara hemen zor nizkizun erantzunak:

    1. Aukeran, nahiago nuke, esate baterako: “Berdintasunaren inguruko txosten-diagnostikoa Arabako egoeraz”. Ni ere, Juan eta Xabier bezala, “bestelako konponbideen” aldeko eta zale… Herenegungo sarreraren bigarren partean, “-i dagokionez” “zernahitarako esapide” bihurtzen ari delako irudipena daukadala nioen, eta adibideren batez hornitu nahi izan nuen irudipen hori. Koma soila eskuinean daraman mintzagai hanpatuaren bitartez moldatzeak ez du, nire ustez, zertan izan, ezinbestean eta beti, konponbide bakarra, ezta konponbiderik egokiena ere. Kasuan-kasuan ikusi behar, beti bezala…

    2. Zeharo ados proposatzen duzunarekin. Segiko dugu.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s