Baserritarrez

Ana Telletxea Koxkolin

Bukatzear da Eguberrien aroa (gero eta luzeagoa dirudi), eta harekin batera urteroko gogoeta batek hartu nau oraingoan ere. Ez da kezka handia, ez eta originala ere, eta akaso soluziobide erraza du, baina plaza honetara ekarri nahi nuke edozein moduz.

Gertatuko zitzaigun askori Olentzero agurtzera joateko, Mari Domingi bisitatzeko edo kapoi-afariak egiteko “baserritarrez” jantzi behar izatea. Dena delakoagatik, gero eta modazkoagoa da gaurkoa ez den jantzi moldea erabiltzea hainbat euskal hitzorduren aitzakian, eta arropa horri edo janzteko modu horri nola deitzen zaion zait ardurazko.

Janzteko moduen egokitasuna eta nolakotasuna bazter utziz (nahiz eta horrek, seguruena, izendapenak berak baino gogoeta sakonago eta serioagoa beharko duen), aipa ditzagun erabilienak diren izenen hainbat adibide: “baserritarrez”, “kaxeroz” edo “artzain-andrez” jantzi, “euskal jantziak salgai”, “jantzi tradizionalen erakusketa”, “antzinako jantzien bilduma”… Horiexek batzuk.

“Baserritarrez jantzi” behar dugula esateak, ez dakit ongi adierazten duen nahi duguna, izan ere, kalean ikusten diren jantzi askok (eta haien gehigarriek) ez dute baserrietan erabili izan direnen itxurarik: zapatak, luxuzko galtzerdiak, jaka edo jipoi bereziak, pitxiak… Zer esanik ez gaur egun tamalez ikusten hasiak garen sasi-jantzidunak, kiroletako zapatilak edo ezin estu eta finago diren tirantedun kamisetak luzitzen baitituzte. Baina gurera lotuz, eta izendapenari kasu eginez, garaian denak baserritarrak ote ziren? Bagenituen bestela ere laborariak, nekazariak, arrantzaleak, hiritarrak, basozainak…  eta baita arotzak, etxekoandreak, meatzariak, jauntxoak eta serorak ere. Dena baserritar adierara laburbildu edo mugatu dugu, zergatik baina? Izendapen honek, nire ustez, gabeziak ditu garai bateko jantziak, oro har, jantziko direla adierazteko.

“Kaxeroz jantzi” ez da egokia, berez, eta ez diogu aparteko arretarik emanen asko erabiltzen den arren. “Artzain-andrez” janztea esatea ere, ez zait zuzena iruditzen, aski zabaldua bada ere, bizibide bat markatuegi adierazten duelako, lehenarekin hurbil. Lehen patroi zehatz batzuk ikusten ziren nagusiki, baina duela urte mordoxka bat ardi-larrurik erabiltzen ez duen euskal jantzidun gazte asko ikusten da, alegia, artzain itxura gutxiko eta dirudunen seme tankera handikoak.

 “Euskal jantzia” izan daiteke aukera hobea? Gurea dela azpimarratzeko, beste hamaika objektu edo jarduerari gehitzen zaion gisaz?

“Antzinako jantziak” edo “tradizio jantziak” are hobeak dira? “Antzinako”, ordea, noizdaniko? Horren arabera jarduera eta bizibide molde jakin batzuk izanen ziren eta hartara, jantzi mota bat edo beste izanen zen propio. Garaian garaiko ofizioak izan dira, eta ez denak lehen sektorekoak, gaurko ikuspegitik soildu dugun arren.

Eta “tradiziozko” ere, noizko tradizioko? Tradiziozko, betiko edo ohiturazko izateak (eta agian “antzinako” ere, ene!) ez ote luke talka eginen gaur egin den koloreen, ehunen, diseinuen eta konbinaketen iraultza txiki horrekin? Hitzen gauerdian gal gintezke, egia esan.

Bestetik, erdal “traje regional” delakoak ez dirudi gurean sona handirik duenik (ez bada tokian tokiko jantzia izendatzeko, demagun, Erronkari ibarrekoa, batik bat dantzaren inguruko gaiak izaki). Zentzu horretan “jantzi folklorikoa” ere hor dugu, dantza eta musikarekin lotua, baina ez dakit osasuntsuegia den, eta ez dut egokia ikusten. Ez nuke inolaz ere, argi eta garbi, “mozorrotu” aditzarekin lagunduko aipatu aukeretatik bakarra ere. Balioa gutxitzen dio ohiturari eta saihestu beharko genuke.

Lehengo, garai bateko jantziak erabiltzeari nola deitu zalantza dugula, beraz, nire hautu garbiena “antzinako jantzia” litzateke, ez baita bizibiderik zehazten, ez baita garairik mugatzen, eta honela orokortasun hori hobeki onartzen baitu. Arreta pittin bat eskatzen duen kontua da, eta seguru naiz sen aberatsen batek proposamenetako bati (hemen aipatu edo berriari) emanen diola ordain zuzenaren kategoria. Hiztun eta hizkuntzaren behari gisara, beraz, konpartituko dut gaurko ohar hau.

5 Iruzkin

Ana Telletxea atalean

5 responses to “Baserritarrez

  1. Juan Garzia Garmendia

    “Baserritarrez jantzi” behar dugula esateak, ez dakit ongi adierazten duen nahi duguna (sic).

    Ni ez naiz askorik ibiltzen kalean, are gutxiago festa jendetsuetan, baina txundituta geratu naiz jakinda badabilela halakoetan “baserritarrez jantzi”takorik. Bisoiz jantzitakoen aurkako kanpainarik izan da bazterretan, eta iruditzen zait (gure) baserritarrak jantziak egiteko erabiltzea are gogorragoa dela, nahiz karraskaritxo txorrotx larrugoxook atseginak diren noski. Ez dakit zein den prozesua baserritarrei larrua kentzeko, eta nola hazten diren, zer higiene- eta erosotasun-kondiziotan, baserritarkumeak, baina, lehen begiratuan, ez zait oso egoki iruditzen.

    Bestalde, egia da baserritar-larrua zaildua egoten dela (kanpo librekoa bada batez ere; haztegietakoa ez dakit), eta, beraz, isolamendu ona eman dezakeela haren larruak, baina lakar samar ere ez al da gertatzen maiz? Eta, bestela ere, ez nuen uste hain preziatua zenik estetikoki.

    Horrekin harritu ez ezik kezkaturik, kalera irten naiz, ea han norbaitek argitzen zidan kontua. Ez dut, ordea, ez horrela baserritarrez jantzitakorik, ez eta garai batean ikusi izan dudan moduan baserritar jantzitakorik ere. Kaletik baserrira jo, eta han ere ez dut aurkitu alerik ere. Tira: gaur ez da jai, eta horregatik izango da.

    Eskerrak kaletar batek esan didan oraingo umeek-eta “baserritar jantzi” esaten genionari esaten diotela “baserritarrez jantzi”. Lasaitu naiz alde horretatik, baina lantegi zaila geratzen zait, horratio: harako Txirritari latina irakatsiko zion maisu haren moduko baten bila hasi beharko dut nik laster, euskara modernoaren oldean guztiz atzera ez geratzeko. Adintsua naiz, eta burua gogortua, baina txintxoa betiere, hasita bainago ariketak egiten, neure buruari agindutako (barka: bidalitako) etxeko lan gisa: ikaslez jantzita joango naiz hezkolara.
    ***
    Niri, pertsonalki (Abarka asko, apreta gutxi zuhur-hitza gogoan), ez zait bereziki interesatzen gaia, baina harrigarri zait jantzioz eta jantzion izendapenoz halako errepaso (ideologiko) luzea egitea, eta ezer ez aipatzea, blog honetan, halako esapideen joskeraz. Jabetuta nago, noski, euskararen ingurukoez dugula kezka handiagoa euskararen euskaraz baino, baina zilegi bekit niri hemen horri heltzea, agian beste irakurleren bat ere harrituko zelakoan.

    OEH:
    (Tras tema nominal nudo). Vestir(se) de. v. infra JANTZIAN. Peregrino janzi zan. Cb Just 104s. Biurtu eban zoro jantzirik. Itz Azald 34. An da poza koko janzteko. Kk Ab I 56. Naiz tximiño jantzi edo odoloste jantzi. SM Zirik 103. Zalduna neskame jantzita. Etxba Ibilt 473. v. tbn. Ag Kr 186. Otx 125. Osk Kurl 185.

    • Xabier Aristegieta

      Ez dakit oker egongo naizen, baina niri ez zait iruditzen halako astakeria denik “baserritarrez jantzita” egitura. Honako arrazoietan oinarritzen dut nire iritzia:
      1.- “Festa horretara beltzez jantzita joan behar da”; “nire izebak ez zuen zuriz jantzita ezkondu nahi izan” eta horrelakoak esaten badira, ez zait iruditzen halako jauzia egiten denik hortik “baserritarrez jantzi” esatera pasatzen bada; asko jota, lerratze txiki bat. OEHak berak, Juanek jasotako pasartea baino beherago, “-z jantzi” egituraren adibide-mordoa ekartzen du (“revestir(se), cubrir(se) adierarako ekartzen ditu; baina hor ere, jauzia baino gehiago, aldea lerratze txiki bat baino ez dela esango nuke).
      2.- “-z jantzi” egituraren arrakasta jendearen besterik gabeko zabarkeriari egozteak ez du, nire ustez, fenomenoaren hedapenaren arrazoi sakonago baten ulermen-ahaleginik egiten: alegia, absolutibozko egituraren sistematika ahula. Izan ere, sistematika zorrotz batean, “baserritar jantzita etorri da” erantzunari “zer jantzita etorri da?” galdera legokioke. Eta bistan da galdera hori ez dela behar bezain zehatza, galdetuak lasai asko uler baitezake ea “alkandora jantzita”, “jertsea jantzita” edo horrelako arropa bat jantzita etorri den galdezka ari zaizkiola. “Zertaz jantzita?” galderak, ordea, ez du zalantzarik uzten. Eta “zertaz jantzita?” galdera onartzen bada, nire ustez automatikoki onartzekoa da horren erantzun den “baserritarrez jantzita”. Bestalde, eta beste testuinguru batean, absolutiboa erabiltzeak “Karibeko pirata jantzita etorri zen” edo “Mary Poppins jantzita etorri zen” esan/idaztera bultzatzen du; eta, auskalo, Karibeko pirata edo Mary Poppins biluzik etorri ez zirela ere uler daiteke.

      • Nik hizkuntzalaritzaz ezer gutxi dakit, baina esango nuke mozorrotzearekin antzeko zerbait gertatzen dela. Alegia, euskaraz, mozorrotzeak ez du normalki “zertaz?” galdera usu erabili izan. Bat mozorrotu egiten da eta kitto, ez da “pirataz mozorrotzen”, “pirataz jantzi” egiten da, edo “pirata mozorroa janzten” du, baina “-z mozorrotu” hori niri arrotza egiten zait. Eibarren “koko jantzi” esaten dugu, baina ez genuke “kokoz jantzi” esango. Baserritar jantziarekin berdin ateratzen zait niri, “baserritar jantzi” bai, baina “baserritarrez jantzi” hori arraroa egiten zait. Baina belarriak esaten didanetik haratago ezin gehiago justifikatu.

  2. Esapideari dagokionez, nire inguruan “baserritar jantzi” erabiltzen dugu, “baserritarrEZ jantzi” hori arrotza egiten zait.

    Jantziaren esentzia eta izendapenari buruz, Ane Albisuren “Atondu. XXI. menderako proposamena” liburua gomendatzen dizut Ana, hain zuzen ere “baserritar jantzia” edo “euskal jantzia” noiz, nola eta zertarako sortu zen azaltzen baitu bertan, eta baita azken urteetan izandako bilakaera ere.

    Ane Albisuk “baserritar jantzi” baino gehiago “atondu” berba erabiltzen du, eta “euskal tradiziozko jantzi” horren abiapuntuan XIX. mendeko janzkera zibila identifikatzen du. Lotura interesgarri batzuk:
    http://www.euskonews.com/0313zbk/gaia31301eu.html
    http://www.euskonews.com/0359zbk/gaia35901eu.html
    http://www.dantzan.com/albisteak/xxi-mendean-atondu

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s