EZENen beste erabilera bat

 Jesus Maria Agirre Berezibar

Batzuek pentsatuko dute Xabier Amurizaren propagandista bihurtu naizela. Niri, ordea, harrigarria egiten zait zer eztabaida gutxi piztu duen, itxura batean, itzultzaile-jendearen artean bere Zazpi ebidentzia birjaiotzarako liburuak, nahiz eta euskara estandarraren muineko arazo batzuk plazaratu dituen, alternatiba ausartak, horietako batzuk diskutigarriak, eginez. Ni oraingoan ere sintaxiako puntu bati lotuko natzaio, pentsaturik ekarpen funtzional eta onargarri bat egiten duela Amurizak euskararen koxka baten inguruan.

Ezer baino lehen komeni da aztergaia ondo kokatzea dagokion ingurumarian. Amurizaren hitzez baliatuz, batetik daukagu «gure atzekoz aurrerako sintaxi zorioneko hori»; bestetik, batzuetan sintaxia hori inberbitu nahia sortzen da, «behar delako, komeni delako, edo, soilki, halaxe egiteko kapritxo literarioa dugulako»; azkenik dio «hizkuntza garatu baten sintaxiak ezin du sinplea izan, konplexua baizik», eta euskararentzat erreklamatzen du «sintaxi adultu bat», «artazien metodo primario»tik haragokoa.

Nik neurez gogoeta merke batzuk erantsiko ditut. Lehenik, beharrizanak sortzen du organoa, beraz beharrizan komunikatiboak sortzen ditu baliabide linguistikoak, eta ondorioz, sintaxian behar dugu askatasuna bai baina batez ere automatismoak eta baliabide funtzionalak. Bigarren, komeni da progresio linguistikoa eta tematikoa eskutik joatea, direkzio berean, eta ez elkarren kontrakoan, bestela gure adierazpena ez da funtzionala izango. Azkenik, hizkuntza baten hizkera jasoan esamolde berriak probatu eta plazaratu daitezke, eta horiek baliteke hasiera batean behartu-kutsu bat edukitzea, baina erabiliaren poderioz onarpena lortu dezakete.

Eta noan orain hizpide neukan kontura: EZEN, izen baten menpeko perpausen iragarle. Amurizak dio: «Ez nuke esango erlatiboa bezain garrantzitsua, baina izen baten menpeko perpausen egitura hau neurtezina da bere maiztasun eta aplikazioan. Azalpen akdemikoetan ez dakit zenbateraino, baina literaturan etengabe topo egiten da beragaz. Itzulpenetan ere, bera dateke, seguruenik, itzultzaileen buruhauste nagusietako bat. Soluzio oso zehatz, erraz eta praktikotzat EZEN partikula proposatzen nuen, eta horretan darrait. Izen baten menpeko funtziodun partikula honek ondoren etor daitekeen konplexutasun guztiaren jakitun jartzen zaitu. (…) Konplexutasuna errazteaz gainera, beste esprezio modu bat eskaintzen du, esaldi laburrago eta errazagoetan ere, elementuen kateatze diferenteak posibletuz».

Eta adibide batzuk ematen ditu, erreferentziako izen hori agertzen delarik nominatiboan edo beste kasu batzuetan, soilik edo izenondoekin edo izenlagunekin, bera bakarrik edo esaldi batean sartuta:

  • Nire gogoan, mirariaren kontzientzia irrefutable bazen, haren fedean ez zen txikiago konbikzioa ezen inspirazio zerutar batek bultzatu zuela nigana.
  • Arrisku alua bestea zen, infernuaren beldurragaz batera, zeruaren fedea galtzea, mendeak igaro ondoren kontsignaz ezen ez zela komeni zeruaren poza gehiegi zabaltzerik, sinestunen euforia sumisioen gainera igo ez zedin.
  • Denbora, denbora dirdaikorra, seminariotik etxerako bezpera eta gau delirante haietan bezalatsu nabari dugu, zoramen erantsiagaz ezen, oraingoan, geuk ez bestek ez dakiela, ez duela imaginatzen ere, bihar etxera goazenik.
  • Batzuentzat mirariz, beste batzuentzat paradoxaz, izaera moraletik at bizi den arte-senak (artista humanoki ankerrenak ere berdin hunki zaitzake) ilusio orokorra sentiarazi zuen ezen musikaren eragin zirraragarri hura diktadorearen emanazio bat zela.
  • Separazioa sakondu egingo da, ondoriozko arriskuz ezen eliz autoritatean defentsa-erreakzio estremo bat eragingo duela, botere zibilean babestuz.

Erabilera horri buelta eta errebuelta eman ondoren, onargarria iruditzen zait (erabilera minoritario eta literario gisa, noski), mekanismoa sinplea eta oso funtzionala delako. Badakit adierazi horiek emateko egitura kanonikoa «atzekoz aurrerako sintaxi zorioneko hori» dela («zuelako konbikzioa»), baina horixe da ba koxka, batzuetan ez dela funtzionala. Eta, hizkera jasoan gutxienez, zilegi da egitura zurrun batzuen ordez alternatiba linguistikoak plazaratzea eta probatzea, geroaren esanaren zain. Eskerrik asko Amurizari bere ekarpenagatik.

4 Iruzkin

Jesus Maria Agirre atalean

4 responses to “EZENen beste erabilera bat

  1. Xabier Aristegieta

    Horrelakoetarako, erabilgarria iruditzen zait “halako… non” egitura ere.

  2. Gorkatxo

    Amurizarekiko errespetuz idatzi nahiko nuke, baina bertsoetatik haratago, ez da inor hizkuntzalaritzan. Formazio autodidakta ez da berez txarra, baina zorionez gaurko itzultzaile eta hizkuntzalariak Amuriza baino lau galaxia aurrerago bizi dira. Gaztelaniaren esklabo da, eta gaztelaniak dakartzan arazoak unibertsokoak direla uste du. Agian frantses pixka bat jakingo du, baina bi hizkuntza pedante horiekin ondorioztatzen du euskarari baliabideak falta zaizkiola. “Adultua” izatea gazteleraz hitz egitea zen bere haurtzaroan, eta oraindik konplexu horrekin. Ingelesaren malgutasunaz deus ez daki, edo alemanen garbizalekeriaz. Baina Alemania estatua da eta hiztegi berri guztia ezarri zuen eskolan. Suomitarrek ere beste bide bat hartu zuten. Aldiz, hara Amurizaren esaldiaren bigarren zatia: “EZEN partikula proposatzen nuen, eta horretan darrait”. “darrait” horri buruzko argibideak duela mila urte emanak daude, “jarraitu” horrela erabiltzeak gaztelaniaren morroi den pertsona batek baino ez du egiten “jarraitu = seguir”. Ingelesez “follow” esaten denean egiten den akats bera, “carry on”, “go on” eta beste formula batzuen ordez. “horretan nago oraindik” esatea ez omen da “adultu”, baina ingelesez lasai esango genuke “I am still on that”, “I still think this”. “Ezen” formula baliagarri izan daiteke, baina Amurizaren proposamenak ez ditzagun serio hartu, mesedez. Asko egin zuen bertsoaren alde, baina nonbait ez du euskararen historian horregatik soilik agertu nahi, eta hor ari da erraldoi-erroten aurka.

    • Jesus Maria Agirre Berezibar

      Mezuari baino gehiago, iruditzen zait mezulariari eman diozula astindu galanta. Mezulariari dagokionez, bertsolaritzatik aparte, nik dakidala Amuriza bada eleberrigile, artikulugile, biografia-idazle, itzultzaile eta abar ere, eta idatzizko bere jardun luze horretan oinarriturik plazaratu ditu bere proposamenak.
      “Gaztelaniaren esklabo da”, horra bere jatorrizko bekatua. 31eskutik-en gaurko entregan gogoeta batzuk eskaintzen dituzte Luis Zabalak eta Xabier Andonegik kontaktuan diren hizkuntzez edo elebitasunaz, zer pentsatu ematen dutenak. Nik bakarrik erantsi dezaket beste erantzun batean adierazi nuena: “Gutxiengoarena eta elebidunena den eta gutxituta eta garatze bidean dagoen hizkuntza batek, aitzinatuko badu, hizkuntza hegemoniko eta landuaren kutsadura jaso beharko du hein batean”. Agian dosian dago giltza, botikaren eta pozoiaren arteko diferentzian bezala.

  3. garret

    Badirudi ezen egitura hori jada otu zitzaiola beste norbaiti duela ia 500 urte:

    eta haur, sperançaz ecen Instructione hunec lehenic, eta orain behin guehienic, hetan cerbitzaturen duela.

    Leizarragaren ABC-ko aitzinsolasean dago. Ez da itzulpena.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s