Herria

Iñaki Segurola

Orain-hurrengo alean esan genuen XIX. mendeko kontua dela euskal(dun) hitza hizkuntzarekin zerikusi zuzenik ez duten gauzei aplikatzea: euskal oiturak, eskualdun arbola eta abar azkengabe bat, gaurko euskal okela eta euskal-edozertara iristerainokoan. Hor, bistan da, euskal(dun) hitzak berezko zuen balioa galdua du, eta basque/vasco-ren itzulpen soil bilakatu da. Hizkuntzen arteko gorabeherek eta hizkuntza gailenen indarrak ez ezik, errealitateak ere asko lagundu dio bide hori egiten: euskal hizkuntzaren gainbehera geldiezinak, hain zuzen, eta, ondorio gisa, euskal(dun)-ek hizkuntza seinalatzeko usadioa galtzeak.

Euskal herri jartzen genuen salbuespen moduan, herri-k ez baitu zerikusi zuzenik hizkuntzarekin, eta euskal herri hori, jakina, XIX. mendea baino askozaz lehenagokoa baita. Baina asuntoa —orain ohartzen naiz— hagitz tribiala da: euskal herri ez da sorkuraz deusen itzulpena, eta hor euskal zorioneko eta zorigaitzeko horrek hizkuntza besterik ez zezakeen adierazi. (Izatekotan ere, País Vasco / Pays Basque da euskarazkoaren itzulpena, eta bidenabar esanik, país/pays-en itzulpenetik sortu delakoan nago ingelesezko Basque country.)

Herri-k ez du zerikusirik hizkuntzarekin, edo, hobeki esan, gauza askorekin du zerikusia, ia zernahirekin. Hitzaren esanahi antzinakoena ‘lur, leku, eremu’ moduko zerbait da, gure ikerketen arabera; cf. Nafarroako zenbait bazterretan gorde diren oloerri, garierri etab., ‘sail, alor’ adiera baitu hitzak hor; edo hegazti izenekin, Txorierri edo Kukuerri; edo Etxepareren Garaziko herri, Axularren Alaba-herri (‘Araba’), edo Goñerri, Estellerri etab. Haundi-txikian neurri jakinik gabea da: hor dago atzerri, edo jadanik XVII. mendeko lapurtarrek zerabilten mundu-herri; bizitzatik kanporako zera ere harrapatzen du (hilerri). ‘Populu, jende’ adieran geroagokoa da, eta edozein eratako jendegunea adierazteko ez dirudi oso aspaldikoa denik, zeren jendegunea adierazteko hitz zaharra hiri baitzen, eta hor ere ez zegoen haundi-txikian gorabeherarik: hiria edo uria zen Erroma bezalaxe Durango, edo Zeanuri edo Obekuri. Haundi-txikian, zerbaitek irabaztekotan herri-k irabazten du, jakina: Alaba-herria Bitoriako hiriaren aldean haundia da, eta zer esanik ez mundu-herria munduko edozein hiriren aldean.

Herri/hiri kontrajartze garaikidea guztiz bestelakoa da, eta euskarazko tradizio zaharrarekin deus ikustekorik ez duena. Inguruko erdara batzuetan —ez guztietan, jakina— du bere zuztarra kontrajartze horrek. Baina zuztar arrotzetatik eta itzulpenetik kanpora zerbait asmatu egin behar ba, eta, besteak beste, asmatu digute Euskal Hiria, baina ez —zergatik ez?— Erdal Hiria, mundu-hiria, atziria edo hiliria. Bidenabar esanik, aspaldi honetan Euskal Hiriak De civitate Dei dakarkit gogora garbi-garbi: han Agustin Hiponakoak kontrajartzen zituen Jainkoaren Hiria (bertutea eta egia) eta Eremu Paganoa (basagirokoa, bekatuzkoa). Irudi luke bazterrak beren antz-irudi-gogara eratutako Hiritzar bihurtzea izan dela Gizon Haundi askotxoren tema.

Gero, bestalde, «herri bat» garela ere asmatu digute, indefinizioa bera dirudien hitz bati esanahi jakin homologatu bat emanez (‘etnia, nazioa’ edo). Euskal herriak plurala maiz erabili izan da ordea, eta umeek ere badakite, izatekotan ere, herri batzuk garela, edo hobeki esanda, herri batekoak eta batzuetakoak garela aldi berean.

Asmatzen hasi eta munstrotxoak asmatzen ditugu gaur.

2 Iruzkin

Iñaki Segurola atalean

2 responses to “Herria

  1. Nere postekin loturak: Aipua (XIII) | Aldiri

  2. Pruden Gartzia

    Neuk ere, aurreko erantzunean bezala, artikuluaren zati hau markatu eta berriz ere irakurri dut:

    ” … aspaldi honetan Euskal Hiriak De civitate Dei dakarkit gogora garbi-garbi: han Agustin Hiponakoak kontrajartzen zituen Jainkoaren Hiria (bertutea eta egia) eta Eremu Paganoa (basagirokoa, bekatuzkoa). Irudi luke bazterrak beren antz-irudi-gogara eratutako Hiritzar bihurtzea izan dela Gizon Haundi askotxoren tema …”

    Bistan da konparazioa erabat arbitrarioa dela eta ezerekin zerikusirik izatekotan artikulugilearen mamu pertsonalekin duela (denok ditugu gureak) eta ez kanpoko ezein errealitaterekin. Artikulugileak berdin-berdin lotu zezakeen XIX. mende bukaerako Euskal Herriko foruzaleen “la Atenas del Norte”-rekin edo Kavafisen poemetako Itakarekin. Edo James Joyceren Irlandarekin, Frantziako Iraultzarekin, Sokratesen Apologiarekin edo Medicitarren Florentziarekin. Eta zerrenda nahi beste luza daiteke, mundu guztian baitaude hiriak duela bost mila urtetik hona.

    Baina ez, artikulugileak San Agustin hautatu du. Berak jakingo du zergatik.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s