Idazteko moduez

Elixabete Perez Gaztelu

Sumatzen hasiak gara, eskualde batzuetan behinik behin, jendaurreko komunikazio idatzian (euskal hedabide batzuetan, kaleko karteletan…) hitz-egin-bezala-idazteko, hobeki esan, itzeinbezela eskribitzeko joera (zaharberritua?). Ez da samurra kontua, eta baditu orain hemen jasoko ez ditudan hamaika ate-leihatila, baina txoko honetan zeharka-meharka gaia atera denez gero, heldu nahi izan diot, besteak beste, jakiteko ea inguruan ikusten dudana (Oiartzualdean batez ere) beste leku batzuetan ere gertatzen ari  ote den.

Kalean ikusitako adibide bat dakart erakusgarri. Kartel batean hauxe zegoen eskuz idatzia:

Paellada 2011. Izen ematia ta erabakiyak hartzeko AZKEN bilera.

– Izena ematekuan ordaindu in berko da.

– Zapiya ber dunak 18 ta bestik 17 euro. JUXTUA EKARRI.

– Izena emateko azken eguna izango da, asi ke muttu ta geo ez torri negarrez.

– Ta azaldu ez in bazu norbatti pasa zure datuk ta dirua.

Beharbada (edo beharbadarik gabe) dugun adinagatik eta euskaraz kode idatzi estandar, batua sortu eta bideratzeak zenbat neke eta ahalegin eskatu zituen (eskatzen dituen) oraindik ere bizirik dugulako, harrigarria egiten zaigu idazteko modu hori.

Beste komunikazio-egoeraren batean bestela pentsa bagenezakeen ere, idazteko modu horrek ez garamatza entzuten eta esaten duena hala moduz ispilatzen duen testugile ia letragabeengana; euskaldun alfabetatuak dira testugileak eta jakinaren gainean deliberatu dira fonetismoa lehenestera.

Hizketa-komunitate baten —herri bateko gazte euskaldun alfabetatuen— idatziz komunikatzeko soziolektoaren adierazletzat jo daiteke adibidea. Badirudi gazteok lagunarteko erregistroa idatziz ispilatzeko, nahiz kartela kalean jendaurrean egon, idazteko modu egokientzat hitz egin bezala idaztea dutela. Datu gehiegi gabe ere, irudipena daukat gazte euskaldunen artean zabaltzen ari dela idazteko modu hau.

Agi danean, kode estandarra komunikazio-egoera formaletan darabilte (unibertsitatean, batxilergoan ikusten dugu kode hori ere erabiltzen badakitela), baina murritz, estu egiten zaie, giro akademiko, formalarekin lotuegia ikusten dutelako, apika? Eta horretatik bereizteko modua ez dute, demagun, aukera lexikoan bakarrik ikusten eta ortografia ere bere komunikazio-premiak adierazteko egokitu beharra ikusten dute? Igone Zabalak abenduaren batean aipatzen zuen hiztunon errepertorioko baliabideak zabaltzeko bitartekotzat jotzekoa al litzateke?

Alde batera behintzat, bitxia egiten da kontua, nekezagoa baita horrela aritzea. Samurragoa dirudi finkatua dagoen kodea erabiltzea ezer asmatzen hastea baino. Idazleari lan gehiago eskatzen dio “bere gisara” idazteak: aldian-aldian erabaki beharko du nola letraldatu soinu hau eta bestea, etenak non egin… Horren adibideak dira jaso dugun testuko batura bitxi samarrak: fonetismoa eta hiztunen inguru horretan esaten ez den “h” ere idaztea. Eta irakurleari ere, mezu horien norentzakoa euskaraz alfabetatua baitago, deskodetzeko ahalegin handiagoa eskatzen bide dio.

Itxura batean, pentsa ere daiteke hiztun horien aukeraren eta ahaleginaren atzean besterik ere badela: “nirea”, “berezia”, “jatorra”, “naturala”, “gainerako euskaldunena ez bezalakoa”… azpimarratu nahia?, “nire hizketa-komunitate bakarrarekin” aritu nahi izatearen ageriko uztarria? Eta gazteok idatziz komunikatzeko, lagunarteko erregistro idatzia (ia) soilik IKTen bidez egiteak ere zerikusia ote?

Ez dakit urriaren 17an Asier Larrinagak ekarri zuen mikronizazioaren adartzat jo daitekeen aurkeztu dudana. Baina auziak badu sokarik eta ondorio kontuan hartzekorik: bide horri ekinda, kode estandar batua bakarrik maila jaso edo komunikazio-egoera formaletara murriztuko litzateke, eta komunikazio-egoera ez-formaletan kode batu falta edo aniztasuna? Eta nola uztartu deskribatu dugun jokamoldea Beñat Oihartzabalek aspaldixko hain argi aurkeztu zituen gogoetekin?

Euskara batuari dagokion berezko eremua euskalkien mugen gainetik dagoena da; euskalkiei eta tokiko hizkerei dagokiena, berriz, herriaren edo herrialdearen mailako eremuari dagokiona. Baina, eremu geografikoarekin batean, eremu soziala ere aipatzekoa da, bestea bezain garrantzitsua, garrantzitsuago gisa batez.[…] Erregistro herrikoia doakie maiz horrelako lanei, ez, ordean, baitezpada hemengo edo horko euskalkia. Sortu behar da, orduan, dialektalki markatuegi ez den mintzamolde herrikoia, aski irekia ahal bezain euskaldun gutik izan dezan bazterrean uzten delako iduripena. “Euskara batua eta euskalkiak” (Euskera, 1996).

Bereizkuntzak bereizkuntza, eta kezkabideak kezkabide, hizketa-gai izan dugun auziaz aritu ahal izateak erakusten du badagoela euskaraz (era berritzailean?) komunikatu nahi duen gazteen hizketa-komunitatea. Eta pozgarria ere bada, batez ere aldi berean gisa honetako berriak plazaratzen ari badira: «Euskara ez dute ebaluatu ere egingo DBH eta Batxilergo amaierako azterketetan» (berria.info, euskararen egunaren biharamunean).

7 Iruzkin

Elixabete Perez Gaztelu atalean

7 responses to “Idazteko moduez

  1. Asier Larrinaga Larrazabal

    Ni biziki poztuko nintzateke Elixabete Perezek deskribatu duen fenomenoaren atzean gazte-hizkera bat sortzeko nahia balego. Tamalez, euskararen gainbeheraren sintoma dela iruditzen zait: gazteei euskara ez zaie erabilgarri (eta, nire iritziz, adierazkortasunaren arazoa da baliagaiztasunaren azken arrazoietako bat), eta gero eta txokoratuago daukate balio sinboliko-identitarioetara. Txoko horretan baztertuta, nori axola dio euskara komunikazio-tresna zorrotza den ala ez? Laster, jaietako kartelak eta mozkorraldietako kantak baino ez dira izango euskaraz. (Erratuta egongo ahal naiz!)

    • Asier:
      Lehenik eta behin, eskerrik asko irakurtzeagatik eta erantzuteko lana hartzeagatik.
      Nire asmoa zen erakustea ia euskaraz bakarrik bizi diren gazte batzuen idatzia komunikatzeko modua (beste hizkera bat sortu nahi dutenik ez dut uste). Zure erantzunean ez daude bi kontuok nahasita, hizkuntzarekikoa eta idaztearekikoa?.
      Gazte horiek euskaraz bizi dira etxean, eskolan, kirola egitean, lagunartean (eta parrandan ere bai). Euskara baliagarri gertatzen zaie eguneroko bizitzan; ez dut uste esan daitekeenik euskara balio sinboliko (hutsera) zokoratua daukatenik.
      Gazte horiek badakite nola idatzi behar duten maila jasoan aritu behar dutenean. Besterako, lagunarterako, sortu dute eta darabilte deskribatzen saiatu naizen ahozkoa bere horretan letraldatzeko, ahoz benetan esaten dutena marrazteko (horrela esatea badago) modua. Eta ez dute erabiltzen bakarrik komunikazio saio pribatu edo murriztuetan (demagun IKTen bidez egiten dituzten lagunartekoetan), jendaurrean eta paperean ere horixe darabilte.
      Ez dakit noiz arte iraungo duen “motxin” (motzean, alegia) idazteko boladak. Ezta zer hedadura duen ere (erdialdeak izan ohi dira arruntean hizkuntza-berrikuntza gune aukerakoak).
      Idazteko modu hori ez da nirea eta ez nuke gomendatuko, baina hor dago, gazte euskaldun batzuek euskaraz komunikatzeko darabilte, eta niri, behinik behin, eman dit zer pentsatua.

  2. Pruden Gartzia

    Tira, Asier, euskararen gainbeherarena duela 2000 bat urte hasi zen (teoria estandarraren arabera). Zeuk gainbehera ikuste duzun lekuan, beste batek gorakadaren lehen zantzua ikus dezake… leku askotan “jaietako kartelak eta mozkorraldietako kantak” baino ez ziren euskaraz duela urte batzuk, orain zerbait hobeto gaude (orain ere leku askotan egoera horretan gaude, jakina).
    Hegoaldean, behintzat, azken 30-40 urtean euskarak hobera egin du oro har. Besterik da aski ote den normalizazioaren atalase minimo batera iristeko.
    Esango nuke euskararen erabilera sozialaran puntu minimoa 1970 inguruan eman zela (Hegoaldean behintzat). Zergatik ez gara hortik abiatzen gure analisiak egiteko?
    Historia soziolinguistikoaren gaineko hausnarketa mantarretan daukagu.

  3. Aitziber Arnaiz

    Kaixo denoi
    OIARTZUERA LANTALDEKO beste kide baten bidez jaso dut zuen elkarrizketaren lotura, eta barrena mugitu dit, une honetan Oiartzunen hainbesteko ilusioz lantzen ari garena, euskararen gainbeheraren sintomatzat hartu daitekeela pentsatze hutsak. Bai, horretan ari gara une honetan Oiartzunen: bertako hizkera non, noiz eta nola erabili daitekeen (edo nahi den, edo komeni den…) aztertzen eta lantzen. Hizkuntza batek iraun dezan, ezinbestekoa da erabiltzea. Honetarako, “erabilgarri” behar du izan . Elixabetek dioen moduan, EUSKARAZ BIZI DIREN gazte hauentzat, askoz erabilgarriagoa da horrela idazten badute. Eraginkorragoa da, ahoz erabiltzen duten hori bera idatziz erabiltzea, eskolan ikasi eta erabiltzen dutena baino. Beraz, bejondaigula! Hauek izango baitira, euskaraz bizitzen jarraitu eta zabaltzeko indarra ekarriko digutenak. Gazte hauek estandarra ere primeran erabiltzen dute “behar den” toki eta momentuetan, baina hurbilagoa, gozoagoa, maitagarriagoia … zaie berea, herrikoa, gazteen artean naturaltasunez darabilten hori. Honek inbiria sortzen du inguruan, ondoko herrietako gazteengandik bereizten ditu eta aldi berean bildu.
    Uste dut bide onetik goazela. Baina, bertako hizkera hurbil hori “nola” idatzi behar dugun? Hortxe do kroxka! Oraingoz, ahoz erabiltzera animatu nahi ditugu gazteak, begiraleak, entrenatzaileak… baina baita beste era bateko egoera informaletan parte hartzen duten herritarrak ere: gurasoak, hezitzaileak, herriko irratiko esatariak, irakasleak…
    Hasi besterik ez gara egin: ahozko ondarea jaso (Oiartzuarren Baitan egitasmoa), motibazio saioak antolatu…
    Hurrengo batean gehiago! Ongi bizi!
    Aitziber Arnaiz (Oiartzungo Udaleko Euskara teknikaria)

  4. Pruden Gartzia

    Ez da nire asmoa zuen zuen proiektuarekiko gaitzespenik agertzea, ziur naiz alderdi positibo asko dituela. Baina nabarmena da kontu honek (euskalkikeria, idatzi du beste batek) tripak mugitzen digula askori, eta tamalez ez zentzu berean.

    Harira joango naiz: euskara batutik hurbil dagoen hizkerarik badago, hori Oiartzunen dago, hura baitzuten buruan bereziki euskara batuaren sortzaileek. Ez da nik asmatutako kontua, Txillardegiri berari buruz-buru aditua baizik, eta Txillardegik horretaz bazekien zerbait.

    Eta hala ere, ez dago aski hurbil! Eta hala ere zerbait “hurbilagoa, gozoagoa, maitagarriagoa” behar omen duzue!

    Nondik sortzen zaizue inor baino jatorrago izateko grina hori, ondoko herriko gazteengandik bereiztekoa? Zerbait daukazue errenteriarren kontra (adibidez)?

    Baina arazoa ez dira beste euskalkidunak, noski (berdin dio errenteriar edo mutrikuar). Arazoa euskaldun ez-autentikoak dira, ezta? Jende euskaldunberri hori, batere jatorra ez dena…

    Barkatu egidazu ezer txarrik esan badizut, hasieran esan dudan bezala ez da nire asmoa zuen proiektua gaitzestea, ziur naiz alderdi positibo ugari dituela. Baina bada proiektu horretan zerbait ondo ez dabilena, nire tripak mugiarazten dituena. Mezu subliminal bat, akaso, zuen asmo eta buruetan ez dagoena? Ondo dago gazteen autoestimua lantzea, hortik erabilera hobetzen da, dudarik gabe, baina berdin dio nola? Denak balio du?

    Bale, agian nire arazo pertsonal bat da. Horixe bera pentsatuko dut edozein gazte arabarrek (adibidez) dakien euskara bakarrean hitz egiteagatik barkazioa eskatzen duela irakurtzen dudan hurrengoan, eta saiatuko naiz zuengan ez pentsatzen. (Eta Bizkaian edo Nafarroan berdin gertatzen dela irakurtzen badut, kasualitate hutsa dela pentsatuko dut).

    Txillardegi, Mitxelena… zenbat lan eta borroka euskara batuaren alde! Ez ziren konturatzen, nonbait, inoiz ez zela izango “hurbila, gozoa, maitagarria”, eta Oiartzungo euskara nola idatzi behar den ere planteatuko zuenik izango zela.

    Postscriptum: kritika “eraikitzaileak” eskatzen zuen norbaitek webgune honetan bertan, beste toki batean. Hirugarrenez, barkatu…

    • Aitziber Arnaiz (Oiartzungo Udaleko Euskara teknikaria

      Ez dut horrelako eztabaidatan aritzeko ohiturarik, batez ere gauzak behar bezala ulertu ez direla ikusten dudanean, baina kontu batzuk argitu nahi ditut motz-motzean (ez baitut tarte handirik hartzerik honetarako).
      -zure deskribapenaren arabera, jakin ezazu, ni ere euskaldun ez-autentikoa naizela. Ama euskaldunberria dut, aita erdalduna eta abuztu bukaeran “al pueblo” joaten naiz ni ere. Eta izugarri harro nago gure guraso euskaldun ez-autentikoek egindako esfortzuaz. Eta oso-oso ongi ezagutzen ditut zuk aipatu dituzun sentimendu asko.
      -Oiartzunen ez dugu deus ere euskara batuaren kontra, eta Elixabetek dioen moduan, gure gazteek ederki erabiltzen dute maila jasoan ere. Baina beste egoera batzuetarako ez ditu guztiz asetzen.
      -Bereizkeria, txokokeria… kontu horietaz ere luze aritu gaitezke, baina ez dut uste merezi duenik. Hemen ez dago inongo intentzio ilun eta ezkuturik, euskaraz bizitzeko gogoa baizik.
      Besterik gabe, mila esker parte hartzeko aukera emateagatik. Ongi bizi!

  5. Pruden Gartzia

    Adiskidea, neuk ere gauza bat azpimarratu nahi nuke: hau ez da arazo pertsonala, soziala baizik; ez dut inongo asmorik izan inoren jarrera pertsonala auzitara ekartzeko, are eta gutxiago inoren izaera edo sentimenduak.

    Orobat, ez dut uste hau Oiartzungo arazo espezifiko bat denik, mota honetako arazoak, aldez edo moldez, Euskal Herri osoan agertzen baitira (baita Iparraldean ere). Oiartzungoa adibide bat izan daiteke, xehetasun berezi batzuk izan ditzakeena, baina adibide bat beste askoren artean, besterik ez.

    Eta noski, ez da arazo gramatikal hutsa, hori ere ebidentzia bat da.

    Arazo soziala da, hitzaren adiera zehatzenean, eta Euskal Herri mailakoa.

    Hortaz, zer egin? Nire irudiko, helburua argia da; goitik kopiatzen dut Beñat Oihartzabalen aipu luzeago baten zati bat:

    “Sortu behar da, orduan, dialektalki markatuegi ez den mintzamolde herrikoia, aski irekia ahal bezain euskaldun gutik izan dezan bazterrean uzten delako iduripena”

    Garbi dago ematen duena baino lan zailagoa eta luzeagoa dela.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s