Euskalgauza

Iñaki Segurola

Joan den hilean gure ikerlanen deskubrimentutxo baten berri eman genuen: funtsean, hiztun ‘hitz egiten duena’ den gisa berean (eta jostun ‘josten duena’, etab.), euskaldun ere ‘euskara(z) egiten duena’ dela, eta ez ‘euskara duena’. Horixe dela, hots, hitz horien eta beste batzuen zuztarra eta sehaska.

Baina sehaska utzi, oinez hasi, bide luzea egin eta halamoduzko lagunarteetan sartu ohi dira hitzak, esanaren edo esan-beharraren agindura. Esan-beharra, hemen, errealitatea da, kultura da, gizartea da; hau da, izendatu beharra, eta hor kultura nagusiek agintzen dute gogotik; haiek sortzen dituzte izendakizun berrietarik asko eta asko. Kultura nagusiek diote basque/vasco, eta horrek itzulpenera garamatza. Basque/vasco itzulkizun hori euskal moduan eman da gehienbat euskara kulturazkoan (euzko(tar) eta Etxepareren basko hura urrutitxo gelditu dira). Euskal hori kasik esan liteke hizkuntza idatzian (izenaren aurretik doan!!) izenondo bihurtuz joan dela, basque/vasco hori hitz bakarrean itzuli beharrak bortxaturik bezala. (Artetik esan beharra dago iparraldean euskaldun erabili izan dela hegoaldean euskal erabili den kontestu askotan.)

Basque/vasco hori itzuli beharrak ekarri du, gehienbat XIX. mendetik aurrera, euskal(dun) hitz hori aplikatzea hizkuntzarekin zuzenean deus ikustekorik ez duten gauzei (adib. Arrese Beitia euskal oiturak, Elizanburu eskualdun arbola, eta abar azkengabe bat gaurdainokoan). Eta horra nola gelditu zaigun euskal(dun) hitz hori itzulkin txepel bihurturik lautik hirutan, eta zinez zer diogun ez dakigularik euskal(dun) diogun bakoitzean. Ustez badakigula, baina zinez ez dakigula. Hots: zinez ez dakigularik “euskaldunak”, “euskal jendea” edo “euskalgauzak” zer diren edo garen, baina bageneki bezala bizi garelarik. Horra hitzen bidea, sehaskako argixintatik zahardadeko ilunbistaraino. (Bidenabar: zer garen —edo “gure gauzak” zer diren— ez jakite hori hagitz gauza humanoa da, humanoegia agian; goitik, ideietatik edo boteretik zer diren/garen finkatzea ere ez da gutxiago humanoa; bien —goi-beheen— arteko borrokak bizi gaitu.)

Esan dugu XIX. mendean hasten dela euskal(dun) hizkuntzarekin zuzenean zerikusirik ez duten zerei aplikatzen. Ederki. Eta orduan zer gertatzen da euskal herri-rekin? Herri-k zuzenean al du zerikusia hizkuntzarekin? Badirudi ezetz, ezta? Eta orduan?

Ba, orduan, herri-ri heldu beharko genioke, eta halaxe egingo dugu hurrengo batean, bihotz-belarriak lagun harturik.

3 Iruzkin

Iñaki Segurola atalean

3 responses to “Euskalgauza

  1. Pruden Gartzia

    Aspaldi entzun nion lagun bati “euskaldun motza” esaera, berak umetan sarritan erabilia eta gaur egun ahaztu xamartua (neuk ez dut egundo ere entzun, ezta irakurri ere). Nire laguna Bilbo ingurukoa da (Txorierrikoa) eta, bistan da, bere ume denboran hango euskaldunek egiten zuten oinarrizko banaketa bat deskribatzen du: baziren “euskaldunak” (baskoak) eta “erdaldunak” (ez-baskoak, funtsean Espainiatik etorritako immigranteak), eta euskaldunen artean bazeuden “euskaldun motzak”, alegia, euskaraz ez zekiten euskaldunak. Bai, ondo irakurri duzue: euskaraz ez zekiten euskaldunak. Nire lagunaren arabera, gaur egun oso arraroa (ia ezinezkoa) da “euskaldun motza” esaera entzutea, lehenago normal-normala bazen ere.
    Ez dakit ohar honek batere garrantzirik izan ote dezakeen ezein teoriari begira, baina gogoratzen badugu Duvoisinek “euskaldun” hitzaz eman zuen definizioa (“Basque de nation”), agian zalantzan jarri beharko genuke “euskalduna” beti eta Euskal Herri osoan “euskara-duna” esan nahi izan duela. Agian, diot, datu ñimiñoa baita. Baina esanguratsua, bereziki gizarteak ezartzen dituen izendatu beharrei buruz esaten duzunaz abiatzen bagara, gizarte aldaketek hizkuntza aldaketak baitakartzate (batzuetan).

    Duvoisenen datua OEHtik hartu dut: aipu osoa:

    “Vasco, natural del País Vasco (ref. sólo a los vascoparlantes). “Bascongados” Lar. “Basque de nation” Dv. “Qui parle la langue basque” H. Cf. euskotar, euskal herritar. Tr. Documentado desde Dechepare, es de uso gral. ” OEH [saretik jasoa]

    Azken oharra: eskertuko nuke inork mota horretako erabileren testigantzari ekarriko balitu.

    • Pruden Gartzia

      Post-scriptum: mezua igorri eta ordenagailua ixtera noala, hara non agertzen zaidan “euskaldun motz” OEHn bertan, Azkuek erabilia. Konbentzituta nengoen bere garaian kontsultatu nuela eta ez nuela aurkitu. Enfin, barkatu endredoa, dirudienez erabilera hori ez da neuk uste neun bezain bakana. Dena den, despistea gora-behera, uste dut nire argudioa indartu egiten duela. Ondo izan.

      EUSKALDUN MOTZ. Natural del país que desconoce el euskera. Burgosko erdaldun naiz Bilbo-aldeko euskaldun motzen bat datorrelako, beste guztiak euskera ezpailekiten bizi bear? A Ardi 81. OEH [saretik jasoa]

  2. Iñaki Segurola

    Bai, hemen hitzaren sorrerazko edo sehaskatikako esanahi argiaz aritu gara. Baina gero argi hori galdu edo lausotu egiten da nolazpait ere. Eta arrazoia da hizkuntza eta errealitatea –“esate librea” eta izendatu beharra– borrokan bezala ari direla etengabe. Duvoisinek badirudi “basque de nation” dioenean errealitate euskalgabetua duela aintzat hartzen (edo besterik gabe nongotasunari zaiola lotzen); Harrietek, aldiz, “qui parle la langue basque” definizioarekin, hizkuntzak bere baitan dioena du bereziki gogoan. Horra borroka baten bi agergarri. Balantza eta zalantza batenak ere bai.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s