Sexologiako hiztegi baterako testuak itzultze/egokitzeak dakartzan kalteak

Juan Kruz Igerabide Sarasola

Afanisia deritza, Sexologian, gozatzeko ahalmena galtzeari.

Sarritan entzun izan dut itzultzearen erotikaren kontu hori, sedukzioarekin parekatuz itzulpen-prozesua. Beste hizkuntza bateko esapidea limurtu egin behar duzu, erakarri, zeuretu, eta, aldi berean, zu zeu beretu, biren arteko baturaren gailur orgasmikoa jo arte.

Ez dut ukatuko halakorik. Baina, benetan diotsuet probatu ez duzuenoi: ez dago ezer antierotikoagorik sexologiako hiztegi “zientifiko” batean parte hartzea baino. Afanisiak jota geratzeko arrisku bizia duzu. Hor bai itotzen duela esanak izana, eta areago oraindik esanari itzulinguru asko eman behar bazaizkio, handik eta hemendik hartutako iturrietatik abiaturik euskarazko esamoldeak osatzeko irrika katramilatsu horretan.

Bitxia da nola hozten den hizkuntzen arteko berezko erotika erotikari buruz modu “zientifikoan” jarduteko erabiltzen delarik; zerbaitek krak egiten du, Wittgensteinen esaldi ospetsu hura muturrera bota nahi baligu bezala: esan ezin denaz isiltzea hobe. Hots, erotikaz modu “zientifikoan” mintzatzen garelarik, jada ez da erotika; edo, beste hark zioen bezala, ez nau “ponitzen”.

Bide batez esanda, “ponitzen” hori euskaraz nola emango ote genuke? “Larruan erantzun” gehitxo esatea izango da noski. “Kitzikatu” zozoño geratzen da. “Jarri”, berriz, ez dakit: norbaiti hori esatea, gure herrian behinik behin, “pa Tudela” begira jartzeko gonbita edo agindua da. “Berotu” ere ez da, inondik ere, berotu aurreko zerbait baizik.

Horra enbidoa, baldin bada…

3 Iruzkin

Juan Kruz Igerabide atalean

3 responses to “Sexologiako hiztegi baterako testuak itzultze/egokitzeak dakartzan kalteak

  1. 31eskutik

    Bide batez (lehen ez gara konturatu): hilaren 16an da Sexologiako hiztegiaren aurkezpena (@idazkola ren bidez jakin dugu), eta hemen dago hiztegia eskura: http://ttiki.com/44397

  2. Ainhoa

    Buenoooo! Azken parrafoa, neronek idatzi banu bezala.
    Hitz zehatz baten falta izan dut horixe adierazteko behin baino gehiagotan, azkenean “ponitu” idazteko (e-mail eta antzerakoetan, ulertzen da). “Susaldu” eta “alta(n)” eta antzerakoak maiz entzun ditut gizonezkoen ahozko jardunean, baina… ez dut ezer gehiago esan beharrik.
    “Martutene”n Saizarbitoriak, “narritatu” eta “narritadura” gogaikarriak hautatu ditu. Begiak salto egin didate irakurri ditudan bakoitzean.
    Beraz?

  3. Nik uste “berotu / bero jarri” aski dela, berdin sexu-erakarmenerako zein bestelakoetarako. Erabili ere erabiltzen dela esango nuke.

    Gai horrek ez nau “berotzen”.
    Neska/mutil horrek “berotzen / bero jartzen” nau.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s