Galdera bat

31 eskutik

Editoreok prestatu dugu gaurko ekarpentxoa… eta lana emateko! Zalantza batez galdetzea erabaki dugu.

Erabaki garrantzitsua da, langile askori eragiten baitio eta beste enpresa batzuetan ere aplika daiteke.

Era horretako esaldiak irakurtzen ditugu zenbaitetan, eta pentsatzen dugu: “langile askori eragiten baitio” bakarrik da hor kausala, ala ondotik datorrena ere bai? Eta, juntagailuaren ondotik datorrena ere kausala baldin bada, ez genuke beste bait- bat beharko? Kausa-zentzua aurretik adierazten duen lokailu bat sartuz ere saihesten da arazoa (arazo baldin bada):

Erabaki garrantzitsua da, langile askori eragiten baitio eta beste enpresa batzuetan ere aplika baitaiteke.

Erabaki garrantzitsua da; izan ere, langile askori eragiten dio eta beste enpresa batzuetan ere aplika daiteke.

Beste adibide pare bat, bat laburrean eta bestea luzean. Uste dugu azterbide bera aplika daitekeela.

Han garbi markatua zen bidea, orbela lurrean itsatsia baitzegoen eta ilunago ageri zen tarteka.

Hori hala izan da XX. mendearen lehen erdian, baina ez azken berrogeita hamar urteetan, historialariek ez baitute ia ikertu garai hori, eta beste gizarte-zientzialarien eskuetan —politologo, soziologo, antropologo eta jurista, batez ere— utzi dute zeregin hori.

Zuen iritziaren zain gelditzen gara. Eskerrik asko. Iruzkinak egiteaz gain, klik bat edo bi ere egin dezakezue hemen behean, egokien deritzozuena hautatzeko (jakinaraziko ditugu emaitzak):

3 Iruzkin

31 eskutik atalean

3 responses to “Galdera bat

  1. 31eskutik

    (2012-11-20an eguneratua) 42 erantzun jaso ditugu, eta hona hiru aukeretako bakoitzak jasotako botoak (bat baino gehiago hauta zitekeen):

    a) 6
    b) 22
    c) 35

    Erantzun askotan bi aukera markatu direnez (ez denetan), hauexek dira erantzun-mota bakoitzaren kopuruak, handienetik txikienera:

    16 b-c
    14 c
    6 b
    4 a-c
    2 a

    Iruzkinik? Guk egingo dugu bat, beharbada, baina nahiago dugu zuek hastea.

  2. Xabier Aristegieta

    Kaixo!

    Nik b) aukeraren aldeko botoa eman dut. Dena den, planteatu diguzuen gaiak burura ekarri dit beste kasu bat, apuntatuta neukana: “zein… -bait” egitura erabiltzen duten bi erlatibozko elkarren ondoan suertatzen direnekoa. Hara:

    “Que el Gobierno de Navarra analice la conveniencia de participar en una fundación de carácter privado, con patrimonio negativo, que “de facto” puede controlar a través de la subvención y que con dicha participación adquiere un cierto carácter público”.

    Ikusten duzuenez, ez da esaldi bereziki konplikatua ere. Baldin eta, hasiera batean, euskaraz jarraian agertzen den moduan ematen badugu, belarriko min handia ematen dit niri:

    “Nafarroako Gobernuak aztertzea ea komeni den parte hartzea ondare negatiboa duen fundazio pribatu batean, zeina, de facto, diru-laguntzaren bitartez kontrola baitezake eta zeinak partaidetzarekin, nolabaiteko izaera publikoa hartzen baitu”.

    Horrela, ba, “eta zeinak” horretako “zeinak” ezabatuz gero:

    “Nafarroako Gobernuak aztertzea ea komeni den parte hartzea ondare negatiboa duen fundazio pribatu batean, zeina, de facto, diru-laguntzaren bitartez kontrola baitezake eta, partaidetzarekin, nolabaiteko izaera publikoa hartzen baitu”.

    Betiere aditz laguntzaile bakoitzak bere “bait-” horri eutsi behar diola iruditzen zait niri. Zuen iritziak jakin nahi nituzke.

    Eskerrik asko eta ondo izan. Eta zorionik beroenak “31 eskutik” honen bultzatzaileei, hain ekimen interesgarria abian jartzeagatik.

    Xabier

  3. (Lehenik eta behin, barkatu, Xabier eta gainerakook, ordu batzuk “okerreko leku batean” pasatu baititu Xabierren erantzunak, desagerturik, nire hankasartze baten ondorioz).

    Bada, ematen du bietara egin daitezkeela halako “ZEIN-erlatibo konplexuak” (EGLU-VI. 229. orria). Hango adibideetako batean, “aurrekariaren ondoren hiru ZEIN-erlatibo agertzen dira ‘eta’ juntagailuaren bidez juntatuak” (eta hiru ‘zein’ daude). Beste batean, berriz, ‘zein’ bakarra ageri da, eta “juntaketa BAIT-erlatibo batekin” egiten dela dio (zuri normalago gertatzen zaizun era horretan, Xabier; bide batez, eskerrik asko).

    Gure galderari buruz zerbait esateko: nik hutsune nabarmena sentitzen dut a) moldeko esaldietan… baldin eta ‘eta’ juntagailuak bi kausal lotu nahi dituela ulertzen badugu. Izan liteke beste interpretazio bat, zeinean ‘eta’ juntagailuak bi perpaus koordinatu lotzen dituen (haietan lehena, mendean kausal bat duena): “erabaki garrantzitsua da” eta “beste enpresa askotan aplika daiteke”. Baina uste dut kasu horretan den-den-denok esango dugula koma ezinbestekoa dela:

    – Erabaki garrantzitsua da, langile askori eragiten baitio, eta beste enpresa batzuetan ere aplika daiteke.

    Egiazki gertatu zait lagun batek eta biok interpretazio desberdinak egitea gure hirugarren adibideari buruz, “Hori hala izan da” hasten den adibideari buruz. Nik egitura hau ikusten dut:

    … ez (da hala izan) azken (…) urteetan, ZEREN [1] historialariek ez baitute ia ikertu garai hori(,) eta [2] beste gizarte-zientzialarien eskuetan utzi baitute zeregin hori.

    Nik ez dezaket bestela interpretatu esaldi hori, eta, ondorioz, bietan ‘bait-‘ eskatzen dit belarriak. Baina nire lagunak ez du egitura bera ikusten, esan didanez…

    Inkestaren erantzunei dagokienez, pozik hartuko nuke a) aukera egokitzat duen norbaitek esatea juntadura zeren artekoa dela ikusten duen: bi perpaus kausalen artekoa, edo bi perpaus nagusiren artekoa.

    Eskerrik asko denoi.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s