‘Haren’ eta ‘bere’: sasitik berrora

Beñat Oihartzabal

Gramatika kontu hits horietako bat: haren eta bere. Horra ene gaia, hizkuntzazko eredugintzan aurki daitezkeen mugen erakusgarri  gisa har daitekeena.

Duela hogeita hamar urte, gauzak larri-larriki emanez honela ziren: Iparraldeko euskaran, haren eta bere izenordain genitiboek elkar kanporatzen zuten: haren ez zen sekula izenordain bihurkari gisa agertzen, eta bere berriz gisa horretan baizik ez zen erabiltzen.  Horrela  azaltzen zituen gauzak Lafittek bere gramatika ezagunean, Lapurdiko itsas hegian gauzak doi bat aldatzen hasiak zirela seinalatzen bazuen ere; (ikus OEH, bere sarrera).

Hegoaldean, haatik, aspaldi hasi aldaketa baten buruan iduriz, gauzak beste era batean agertzen ziren: Iparraldean bezala haren ez zen sekula erabiltzen izenordain bihurkari gisa, baina bere, izenordain bihurkaria izateaz gainera, bestela ere ager zitekeen. Bi izenordainek, beraz, ez zuten elkar kanporatzen, eta bere, ondorioz, haren izenordainaren eremuan sartu ondoan, honen erabileremua ttipituz zihoan; (gauzen ez nahasteko beraren izenordaina bazterrean utziko dugu hemen).[1]

Garai haietan, Lafitteren eraginagatik hain segur, haren eta bere izenordainen arteko bereizketa garbia Iparraldeko ‘euskara onaren’ marka bihurtu zen. Anitzek, erabilera zainduetan bederen, begiratu nahi zuten. Ordea, denbora horretan berean, euskara zaindua batuago egiten zuen prozesu indartsuak kontrako joera indartzen zuen, Hegoaldeko jokabideak bereizketa horri bizkar ematen baitzion, eta euskara batuan ere, Iparraldeko erabilera klasikoa gaitzesten ez bazen ere, Hegoaldeko eredua onartu baitzen (ikus EGLU-I, 69. orr .).

Zer gertatu da azkenean? Hauxe, ene ustez. Euskararen gizarte egoera arras ahula izanik, Iparraldeko irakasle, kazetari, eta bestelako hizkuntzako eredu emaileak egoera nahasi, ezin menderatuzko batean aurkitu dira. Hizkuntzaren bilakaeraren dinamikari Hegoaldeko jokabidea piskanaka hedatzea zerraion. Halere, haren-bere bereizketa klasikoa atxiki nahi zuten anitzek, Iparraldeko ereduaren ikurtzat baitzeukaten. Egiazki, horretarako ahalik izan gabe haatik, franko zaila baita bereizketa hori arras bereturik ez daukan norbaitentzat, kanpoko arau batzuei jarraikiz haren errespetatzea. Arau bihurriegia da, aldi guziez, izenordainaren aitzinkaria perpaus bereko aditzaren argumentu gramatikaletako bat ote den behatzea eskatzen duena. Are gehiago, gizartean nagusi den hizkuntza ereduak holako araurik ez duelarik, eta auzo erdarek ere horrelako izenordain bitasunik ez dutelarik.

Horrela, askok erregela buruhausgarri horretarik atera izan duten ondorio bakarra izan da bere gehiegi erabiltzen zela, eta anitzetan haren tokian haren eman beharra zela ‘ongi’ mintzatzeko. Emaitzak, Iparraldean irratizko euskal emankizunak aditzen dituenak edo hemengo egungo irakurgaiak ikusten dituenak gero eta maizago ikus ditzake: gehiegizko zuzenketa baten ondorioz edo, zenbaitek gero eta gehiago haren (eta areago haien pluralean) erabiltzen baitute izenordaina bihurkari den testuinguruetan ere.

Gaur arte, bere genuen holako ingurumenetan erabil zitekeen forma bakarra euskalki guzietan eta garai guzietan. Orain, bere-ren gehiegizko hedapenaren kontra joan nahiz, gauzak are nahasiago egin ditugu Iparraldean, eta haren-en erabilera garbiki mugatzen zuen gramatika araua (haren izendordain bihurkari gisa agertzeko ezinean gauzatua) gero eta maizago urratzen da, paradoxikoa bada ere, zaindu nahizko erabileretan bereziki. Joera ‘makurra’ zuzentzeko orde, are makurrago egin dugu, nahasmendurik ez zen tokian ere saltsa sortuz.[2] Sasitik berrora, hots.


[1] Bi jokabideak agerrarazten dituen adibide bat:

Erabilera klasikoa: Pello oso gaizki da; haren burasoek ez dakite nora eraman.

Hegoaldeko erabilera zabaldua: Pello oso gaizki da; bere burasoek ez dakite nora eraman.

[2] Gehiegizko zuzenketa erakusten duen adibide bat (haren emanik bere behar zen lekuan):

Pello oso gaizki da; halere, haren burasoek ez dute ospitalera eraman nahi.

6 Iruzkin

Beñat Oihartzabal atalean

6 responses to “‘Haren’ eta ‘bere’: sasitik berrora

  1. smatxi

    Azalpen didaktikoa: Honelakoetan dagokio bere erabiltzea: izenordain horrek aipatzen duen pertsona edo izakia perpausaren nor, nork edo nori osagaia bada; Hemendik hartua: .Morfosintaxiaren inguruko zalantzak eta argibideak : ikasmaterialesn aholku batzoredea etilo-liburuaren zazpigarren atala / Patxi Petrirena

  2. Beñat

    Azalpen didaktikoa beharrezkoa zen, eta milesker emanik. Halere, ‘bere’-ren erabilera osoki mugatzen duen neurrian, gogoratzen duzun araua eredu klasikoari darraiona da. Hegoaldeko hiztunek ez dute hala errespetatzen, eta Iparraldekoen artean ere ez denek. Izan ere, batzuek eta besteek ‘bere’ aipatu testuingurutik kanpo ere erabil dezakete.
    Gaurko euskara zabalduena kontuan hartzen bada (euskara batua barne), arauaren formulatze negatiboa zehatzagoa da, ene iduriko: “… izenordaina aipatzen duen pertsona edo izakia perpausaren nor, nork edo nori osagaia bada, ‘haren’ ezin erabil daiteke, ‘bere’ bakarrik”.

  3. Aitor

    Eta eskerrak ez duen aipatu hemen orain arte inork “beraren”!. Izan ere, hirugarren elementu honekin saltsa gehaigo loditzen da.
    Urte askotan euskaltegiko irakaslea izan naiz, eta gogoratzen dut beldurra eta estuasuna sartzen zitzaigula harne/bearen/bere esplikatzea tokatzen zitzaigunean. Honen inguruan argibiderik bai?

  4. Honekin lotutako beste kontu bat. Ez al da askotan “nire” edo “zure” erabiltzen “neure” edo “zeure” behar lukeenean: “Ez diot nire buruari horrelako agindurik eman”*, “Ez diozu zure buruari horrelako agindurik eman”*? Hirugarren pertsonan, aldiz, ez dago oker hori egiteko joerarik: “Ez dio haren buruari horrelako agindurik eman”*.

    • Igone Zabala

      Erabat ados nago Beñat Oihartzabalen artikuluarekin. Garai batean nik ere sinetsi nuen euskara estandarrerako komenigarria zela iparraldeko bihurkari / ez-bihurkari bereizketa hori bultzatzea, eta ikasleei azaltzen nien bihurkari/ ez-bihurkari bereizketari buruzko oinarri sintaktikoa (argitaratuta ere badut zerbait bereizketa horretaz). Baina azkar konturatu nintzen goi mailako sintaxia jakin behar dela diskurtso errealean sintaxi-arau hori aplikatzen jakiteko. Are zailagoa da kontua Aitorrek eta Juan Luisek aipatzen dituzten tema/errema jokoekin lotutako izenordain indartuak kontuan hartzen badira.
      Aspaldian konturatuta nengoen baita Beñatek aipatzen duen “arau sinplifikatuak” (‘bere’ gehiegi erabiltzen da), ultrazuzenketaren ultrazuzenketaz, ekarritako arazoaz, alegia, hiztun batzuen gramatikan bakarrik dagoen arau bat hiztun guztiei zabaldu nahi izateagatik, iparraldeko eta hegoaldeko hiztunen gramatikek partekatzen duten araua (‘haren’ ez da bihurkaria) urratzen dutela haien hizkuntza-gaitasunean nolabaiteko interbentzioa izan duten hiztunek. Egiaztatuta daukat hau EHUko hainbat irakasleren testuetan, eta entzun dizkiedan gogoetetan ere.
      Guztiz ados Beñaten azken ondorioarekin.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s