Aurretestua eta ondotestua

Elixabete Perez Gaztelu

Hemen ez ezik (hibridazioa), beste leku batzuetan ere atera da (ItzuL posta-zerrendan ere bai), era batera edo bestera, erdal aurrizkidun hitzak euskaraz eman beharrak askotxotan sortzen duen gogoeta. Gai luzea da eta adar askokoa eta ez du ezinbestean, baina askotan badu, orain proposatzera noanarekin zerikusia. Estreinaldi honetarako adarretako bati (adaxka bati) helduko diot, baina ez, lehenik eta behin, plaza honetara gonbidatu nautenei eskerrak eman gabe.

Aurretestu eta ondotestu izenak atera zaizkit irakurraldi batean. Ulertzen dut bataren eta bestearen esanahia: “testugileak aurretik egiten duen testua, azkena ez dena, hasierakoa” edo izan daiteke lehenaren parafrasia, eta “berrikusi, zuzendu eta behar den guztia egin ondoren testugileak erakusteko modukotzat edo jotzen duen azken testua” bigarrenarena.

Lehenak ez dit zer pentsatua eman, baina bigarrenak bai. Zer ikusi dut, bada ondotestun aurretestun ikusi ez dudana? Egia da ondoeza, ondo iritzi…, ezkerreko osagaia aditzondoa duten hitzak guztiz ohikoak zaizkidala. Mugakizuna bada ondo izena ere (etxe ondo, eguerdi ondo…), ugaritan, baina ondo izena mugatzailea duen izen elkarturik inoiz entzun eta/edo irakurri dudanik ez daukat gogoan.

Eta, ildo horretatik, sortu zaidan galdera da ea Euskaltzaindiak Hitz-elkarketa/4ko sailkapenean aurreproiektu moduan kokatzen dituen elkartuek baduten mugarik. Bestela esanda, ea zeinahi “leku-denborazko” izen izan daitekeen izen elkartuen ezkerreko osagaia. Hona aurkitu dudan egoera.

Orotariko Euskal Hiztegiari azaleko begiratua egin diot. “Leku-denborazko” izen hauek ikusi ditut hitz elkartuen ezkerreko osagai (ez dira guztiak izango, baina gehientsuenak direlakoan nago), batzuk emankorragoak besteak baino: aitzin, albo (gutxitan), alde (gutxitan), arte (apenas), aurre, atze, azpi, barne (kide dituen hurrengo biak baino maizago), barren, barru, bazter, behe, gain, gibel, goi, inguru (gutxitan), kanpo. Ondodunik bat ere ez.

Hiztegi Batua, Euskal Hiztegia (Sarasolarenak, bi edizioak), Euskalbarren kontsulta daitezkeen hiztegiak (Elhuyar, Labayru…), Euskalterm, Egungo Euskararen Hiztegia… ere begiratu ditut eta ondorio bera eskuratu: ezkerreko osagaia ondo (‘leku-denborazko’) izena duen elkarturen adibide alerik ez.

Sarasolaren Euskal Hiztegian begiratu besterik ez dago ohartzeko, batetik, hitzei alboratzen dien urtearen lekukotasunaren arabera, horren “betiko” itxura duten hitz batzuk behintzat XIX. eta XX. mendea arte ez direla sortu (hizkuntzari begira zaharra eta berria zer den alde batera utziko dut orain). Adibidez, artizki 1965ean dauka jasoa (ez dago arte hori mugatzailea duen hitz gehiago), atzizki ere 1916an.

Bestetik, mugatzaile “leku-denborazko” horietako batzuk oso hiztegi-sarrera gutxitan daude jasoak: bakarrean (edo ia bakarrean) batzuk. Esate baterako, alboz eratutako bakarra dago, alberri (1816 albo-erri), inguru duen izen elkartu hiztegi-sarrera denik ere bi: ingurune (1571) eta ingurugiro (1952). Baina adibide gehixeago dauzkaten aurredunak ere, adibidez (hiztegi horrek dakartzan zazpiak) 1842tik honanzkoak dira (zaharrena aurresku (1842) eta berrienak aurreikusi eta aurreiritzi, 1977koak). Bistan da euskal hiztuna premia lexikoak asetzen noiz eta nola joan den.

Ez dut honenbestez dudan jarri nahi lerro hauek idazteko aitzakia eman didatenek, jakintza alor horretako adituek, terminoren bat behar izatea ‘azken testua’, ‘testu erabatekoa’, ‘testu erabat orraztua’… adierazteko. Horren garbi ikusten ez dudana da ondo izena erabiltzea, hain zuzen, ‘guztia egin ondorengo’, ‘denboran azkena’ adierazteko.

Ondotestu —beharbada, agian, apika…—, zerbait izatekotan, alboren modura ulertuko nuke? OEHk bai, baina Hiztegi Batuak jasotzen ez duen alberria ‘alboan dagoen herria’ bada, ondotestu, ‘ondoan dagoen testua’ litzateke? Gaur-gaurkoz nik behintzat nahiago nuke adierazpide sintagmatikoa “azken testu”, “ondoren egindako testua” edo antzeko zerbait.

Guztiarekin ere, egia da jakin ere ez dakigula norbaitek (erdaratik euskarara itzuli behar zuen hiztegigile batek baino gehiagok batez ere) baliabide lexiko hau, “leku-denborazko” izenak mugatzaile gisa, erabiltzeko proposamena egin zuenean edo erabili zuenean euskaldun deskodetzaileek, hitza behar zuten euskaldun horiek zer pentsatzen zuten.

2 Iruzkin

Elixabete Perez Gaztelu atalean

2 responses to “Aurretestua eta ondotestua

  1. mikel ayerbe

    Lehenik eta behin, zorionak 31eskutik-eko lan-talde guztiari!

    Nire aldetik, “aurretestu” hitza erabili izan dut sorkuntza prozesua aztertzea helburu duen Kritika Genetikoa ikerlerroaren alorrean Bellemin-Nöel-ek lehenengoz 1972an erabili zuen “avant-texte” terminoa itzultzeko. Gazteleraz “pre-texto” irakurri dut maiz (marratxoarekin, “pretexto” hitzarekin ez nahasteko, ziurrenik).

    “Ondotestu” ez dut inoiz ikusi eta “azken testu”, noizbait bai… Dena den, teoria genetistak bereizi egiten ditu azken testua eta azken testua izan gabe aurretestuaren ondorengo aldaerak dituen testua. Hots, aurretestuaren ondorengo beste aurretestu bat. Eta nire galdera da, aurretestua eta azken testuaren artean dauden aldaera testuak izendatzeko, asma liteke horrelako terminorik, demagun “atzetestu”?

  2. Eskerrak zuri irakurri eta iruzkina egiteagatik.
    Jakintza-alor horretakoek dakizue zer behar eta komeni zaizuen, baina galdetu duzunez gero, hona nire proposamena. Azken testuaren aurrekoa bada edo badira tarteko testuok, balioko al lukete, esate baterako hauen modukoek? “azken-aurreko testu”, “tarteko testu”…

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s