Hizkuntzen transmisioa

Leire Mendiburu Garaiar

Banekien, egun batez ama izaten banintzen, hizkuntzen transmisioa gai korapilatsu suertatuko zitzaidala. Eta ez naiz tronpatu. Horrela, bada, hizkuntzak transmititzeak irribarre –eta algara ere bai– egitera eramaten nau askotan, baina, aldi berean, hainbat kezka ere sorrarazten dit. Kezka horiek, hala ere, ez dira denak hein berekoak.

Lehenik, bizipen pertsonaletik atera ondorio bat da hizkuntzen transmisioak muga naturalak dituela, eta, beraz, norberak ezagutzen duen hizkuntza edo euskalki oro ezin zaiela irakatsi haurrei. Domaia hizkuntzak eskutik eskura pasa ezina, gauza material bat balira bezala! Ni, esaterako, sorterritik urrun bizi naiz, lapurteratik bizkaierarako jauzia egina dut. Ene alabek lapurteraz egiten ez badute ere, entzuten dute. Eta badakit zerbait geldituko zaiela: “Hemen kriston bordela dau eta ez dot atxematen!”. Bestalde, frantsesez badakit, baina ez diet irakatsi. Nire bigarren hizkuntza izanik, ez zait batere naturala haiekin frantsesez aritzea, jostatzen edo kantuan ez bada. Baina badakit zerbait geldituko zaiela: “Oe! Oe! Martzelo! Martzelo navigue sur les flots!”.

Hala ere, egiazko kezka-iturria euskarak berak eragiten didana da, euskararen kalitateak, hain justu ere. Ez dut euskaraz egiten den eremu osora orokortzen ene hausnarketa, ez da ni bizi naizen tokiko errealitatearen deskribapena baizik (araiz!). Eta, beraz, ez dakit norbaitek nik esanak konpartituko dituen, ala neu naizen egoera hanpatzen ari dena… Nahiago nuke bigarren hori balitz kasua.

Gure haurrak euskaraz bizi dira, euskaraz bakarrik, baina eguna pasatzen dut euskaraz egiten dituzten akatsak, zuzenean edo zeharka, zuzentzen, Jolasten gára? Ez da etorri zergatik eri zen. Nik be bai gurot. Da handía. Eta nik ondotik, Bai, olgau daigun. Ez da etorri ze eri da. Zeuk be gurozu, e? Handia da. Egun, haurrei (eta gazteei) entzuten diedan euskararen eta pertsona helduei entzuten diedanaren artean ezberdintasun handiak sumatzen ditut, doinutik beretik hasita da ezberdina. Horri azalpenen bat atxeman nahian-edo, espainolaren eragina saihestu ezinik gabiltzala esango nuke. Izan ere, haiek behar bezala ikas dezaten eredua geu garela ahantzirik eta hizkuntza ulertuko ez balute bezala zuzentzen gatzaizkie, haien mintzamoldea imitatuz, eta espainoletik harturiko baliabideetara joz, etengabe txikigarriak erabiliz (platanito gogaikarria!). Horrela, etxean sekulan entzun eta esan ez dituztenek berebiziko indarra hartzen dute, askotan, oharkabean geure egiteraino.

Bigarren partean aipaturikoen aitzinean, bi aterabide edo jokabide bururatzen zaizkit: bat, norberak berea egin, eta eredu ona entzun dezatela; eta, bigarrena, hori egiteaz gain, akatsak zuzentzea, hau da, astuna izatea. Ongi ala gaizki, nik, bigarrena hautatu dut. Eta, eredu egokia eman eta zuzendu, biak egiten ahalegintzen naiz, eta ahaleginduko, harik eta Ama!!! entzuten dudan arte.

Iruzkin 1

Leire Mendiburu atalean

One response to “Hizkuntzen transmisioa

  1. Martin Rezola

    Ni ere bigarren aterabidearen alde, Leire. “Rompido”, “si sería chico” edo “el foto” zuzentzen dizkiegun gisa berean zuzendu beharko genizkieke “joaten gara jolastera?” eta “platanitoak” (Zaldieroari koinatarekin gertatzen zaiona gertatzen zait niri “yogurcito bat”, “galletita bat” eta txikigarriokin; burutik gora kea darit!).

    Gurean gauza bitxi –eta pozgarri– bat gertatu da. Gaur egun, alaba nagusia (14 urte) bihurtu da bere ahizpa bikien (10 urte) zuzentzaile eta irakasle. Berez ateratzen zaio. Nik berari emandako kaparradak ematen dizkie berak txikiei. Konplizea dudala, alegia.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s