Arrain jendea bizitzeko

Iñigo Aranbarri Alberdi

Ikasi dut bekereke hitzaren kontura bromarik ez egiten lekeitiar lagunekin. Erraza, ez da, bekerekea ardia baita, eta bildotsa, eta arkumea, eta aharia, eta ahuntza, eta antxumea, eta… ganadua ez den lehorreko ia edozein animalia lumagabeko, txakurra eta katua salbu. Emaiezu behatza! Akerra ez, akerra irlan bizi izan zena da, herrian festarako aukera dagoen bakoitzean eztarrira ekarrita behintzat fosilizatuta geratu dena: “nor ez da mozkortuko/ hainbat tabernakin/ baitta islako akerrak/ edaten baleki”. Bai, horrelaxe, komuztadurari kakazotz eginda, sic.

Erraza ez da, baina edozertara ohitzen da pertsona, areago lagunak arrazoia duenean. Bekerekea beraz, ume hizkera ia zoologiko bihurtua. Entzun egin behar gero: “eta platereko hau, zer da?”, galdetu zidaten behin. Peska-gauza zen, baina arraina ez zen erantzun zuzena. Norberarentzat bekerekea bezain barregarria zen lehorrekoen arraina generikoegi hori. Platerekoa ez baitzen ez txakurra ez katua ez ganadua, alegia, ez legatza, ez bisigua ez makailaua. “Zer da?”.  Eta orduan ez da zaila ohartzen bekerekea bezain ezgauza dela arrain hitza errealitatea izendatzeko durdoa duzunean sudurpean, begi biak kanika zuri bihurtuta plateretik begira, edo zarboa, edo kabra, edo lentoia, edo buztanbaltza, edo makarela edo ludxa, edo takarta edo papardoa, edo… nik dakita zein ezkatadun edo lirdinga abisal.

Aspaldi esan zidan Bilboko lagun batek: “Niretzat bi arbola mota daude, pinuak eta arbolak”. Gaur, ez da Bilbokoa izan beharrik zuhaitzen, arrainen zein orain bi belaunaldira arte etxeko izan ditugun hamaika animaliaren izenak galduak ditugula konturatzeko. Bizimoduak egiten digu hiztegia.

Kontua da bekerekeen eta arrainen auzi honek baduela bigarren edo hirugarren adar bat, hitzekin eta bizi gaituen munduarekin segituta, ezinbestean adierazkortasunera garamatzana. Eta hahor ondorengo oharren zergatia. Hala ikasi dut ardia eta ahuntza bereizteko gauza ez diren lagunen ahotik entzuna, zer den pertsona abotxa. Abotxa berez labanaz ireki eta odolik ez duen arraina da (Atherina hepsetus eta Atherina presbyster). Horregatik “zulako abotxa” entzunda, odolgabea ari zaizkizu deitzen, ez duzula jeniorik, gatzik, arrankerik, Euskadi Irratian beste ordainik gabe beti xinxangre entzuten duguna.

Arrainen munduak mundua du erakusteko. Lekeitioko lagunei kardaia diet hartua paper mutur zikin batean, balbea edo zorte txarra dakarren pertsona esateko, gafea, alegia, erregular marrazoaren jiteko arrain hori harrapatuz gero (garda, Hexanchus griseus) ez delako beste ezer sartuko trainean egun horretan. Ez du gardak duen esanahi bakarra, Azkueri kaso egitera marrazo izaeratik baitartorkio sesiante, amarrutsu, azeri esanahia ere.

Azkoitiarra azpeitiarrentzat xakela bezala, ondarrutarra lantzoia (Ammodytes lanceolatus) da inguruko herrietan, eta Toribio Etxebarriaren Eibarko hiztegian (eibartarren kolonilizazio udatiarra hasia zen ordurako nonbait), lotsagabea, bizia, txakurmusua legez dator jasoa. Kasualitatea, Ondarroan bertan tontoa da lantzoia, pertsona ergela, eta pentsatzeko da, gaizto halakoak, beraneante jakintsu ustekoren bat ere izango zutela buruan arrainari giza-ordaina eman ziotenean.

Antzekotasunen jolas honek badu beste adibide politik ere. Arraia da tramana Lekeition eta Ondarroan, arrain zapal bat, arraia edota antzekoa, hiztunaren arabera. Tramaia esaten diote Bermeon. Myliobatis aguila zehazten du Andoni Anasagastik. Errobusten Ortuzarren hiztegian, soraioari deritza tramaia, pertsona sorrari, hau da, ezeren aurrean sentimenturik erakusten ez duen harri-koskorrari.

Negatiboa nagusitzen da, ez da dudarik. Beste marrazo txiki batek, mielgak (Squalus acanthias), hain du estima txikia, horretarakoxe erabiltzen da irain moduan. Pitorik balio ez duen gizakia da mielga. Eskasa, ezdeusa, bat ere ez dena. Agirrek darabil Kresalan “Uutik, mielga ustel gosekilla!”. Nik neuk Zumaiako Artadiko emakume bati diot entzuna. Noski, ez da bakarra izango egun ere.

Lehorrean, logika ez da eten. Damaso Intzak olarru dakar Azpeitia inguruko hizkeretan barrabasari deitzeko, pajaroari, aparejuari, nafarren birigarroari. Hi haiz hi arraina! ateratzen zaigu gaur egun oraindik xakel zein xapo, urologooi. Urrundu gabe, jo hego-mendebalerago ere, zarboa oso esanahi antzekoz erabili ohi da, Gotzon Garatek eta Kandido Izagirrek jasoa duten bezala.

Ezkailua berriz, ganoragabekoa da, arratiarren zuztarbakoa.

Antzekotasun fisikoetara etorrita, arrainen bidea ez da seguruenik lehorrekoen piztia jendearena bezain aberatsa. Hala ere, bada adibide ederrik:

Durdoa (Labrus bergylta) darabil Txomin Agirrek Kresalan:

Arpegia ta paparra ta eskuak eta dana bal-baltzak eukazan, ezpanak durdo durdo, agiñak zuri zuri ta kiskur kiskur ulea.

Esan gabe doa zer nolako arraina den durdoa eta zer pertsona eta batez ere nongoa deskribatu nahi zuen orain mende bete gure idazle lantzoiak.

Eta luzeago nahi izango zukeen zerrenda honi errematea emateko, oraintsuko adibide bat, Anjel Lertxundiri Berrian arrantzatua, azalpenik gabe zoragarri ulertzen dena:

Soldadu atunburu baten kamerarena da Abu Grhaib-ekoaren kulpa ere, zer gara ba itsuak!

Eta hahor alferrikako bezain ontzurre izan daitezkeen erabilera hauen ataka. Euren uretatik kanpo ibiliagatik, egoki erabiltzen badira eta testuinguruan ondo kokatzen, adierazkortasun ikaragarria lortzeko gauza dira oraindik arrainok. Logikak emaitza onak erdietsi ditu, hori ekarri dute gaur egunera arte hiztunek.

Beti dago esatea nola erabiliko ditugun itxuraz ere ezezagunak bazaizkigu, zer zentzu duen arkeologia lan honek gauden egoeran egonda.

Erabakia hartzea da. Aprobak egitea, literaturan, adibidez.

Damutuz gero, hor izango dugu beti beste bidea, lapurrari txorixo deitzea.

8 Iruzkin

Iñigo Aranbarri atalean

8 responses to “Arrain jendea bizitzeko

  1. Martin Rezola

    Iktioeuskara?

    Eskerrik asko, Iñigo! Ikaragarri gustatu zait.

  2. Bermeon umeei esaten ei zaiena esan lekioke artikulu honi: “Ai, gure atun biribiltxue!”

  3. Iratxe Goikoetxea

    Ederra!

  4. Idurre

    Gure aita ataundarrari algaraka tripak botatzekoa iruditu zaio beti amaren herrian, Mutrikun, ganadua, kaballua eta ardixarekin laburbiltzea abere klase denak, eta oilora murriztea oilar, oilasko eta oilandak. Legatza, atuna, txitxarroa eta zapoaz besteko arrainak bereiztea, berriz, alferrikako lana, jan ere, gustuz, horiexek bakarrik jaten baititu. Aldiz, mutrikuarrak hainbatetan lotsatuta-edo sentitu izan ditut abereen gaineko ezezagutza horrekin. Esango nuke, gure irudikapen kolektiboan baserriari, baserri munduari, aitortzen diogun ardatz izatearen isla dela.

    Tramana, berriz, askotan aditu nion amonari: “hemen dator tramana”, “han bera, tramana”… Patxada gainezka izateaz gain beren buruaz maiteminduta dauden jende klaseaz ari zela ulertzen nion nik, kalea alderik alde eurek bakarrik betetzen duten horietaz.

    Eta Ondarroan lantzoiak bezala, Mutrikun lapazorriak.

  5. jon artano

    goxau egin diat Iñigo, arrainak uretan bezala. eskerrik asko

  6. Aitzol Mendiola

    Durangoko plateruak ziren De la Fuente anaien “arrain saltzailia” kantuan ere aipatzen da “mielgia”:

    Ni naz emakume bat arrain-saltzailia
    marinelak itsasotik dakarren guztia
    nahi besigu, nahi lebatz, atun, sardinia
    nahi txirla, nahi mielgia, baita angilia

  7. Joxe Austin Arrieta Ugartetxea

    “Mielga” deitzen zaio (zitzaion?) Mutrikun ume jaioberriari…neskatoa denean. “Zer izan da? Mutila ala “mielgia”?” (nik neuk entzuna). Ikaragarria, alajaina…

  8. Nere postekin loturak: Batzuetan, hiztegiak irakurtzen ditut | 31 eskutik

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s