Itzultzailearen dilema

Bego Montorio Uribarren

Hor ari da lanean, tak-tak-tak, eta, halako batean, euskaraz nola eman ez dakien hitz bat. Bakarra balitz!, diotso irribarrez bere buruari. Sagua askatu gabe, ohiko lagunengana jo du, hiztegiengana. Joan-etorri batzuk egin ditu Euskalbarretik, mahai gainean dituen paperezko liburukote batzuk ere begiztatu ditu, eta, azkenean, topatu egin du: barban. Horixe da hitza, erdarazko testuan dagoenaren ordain egokia!

Bere ezjakinaren handia amiñi bat murriztu duelako pozik dago itzultzaile gajoa: beste hitz bat ikasi du, eta, lehenagotik ezagutzen ez dituen hitzekin egin ohi duen moduan, egiaztapen bila joan da. Orotarikoak badakar; ondo. Eta Ereduzko Prosak? Alerik ez hor. Ummmm, muturra okertu du une batez. Tira, ea besteek zer dioten…

Hiztegi eta corpus bakan batzuetan baino ez duelako topatu zapuzten hasita, itzulgaira bueltatu da gure itzultzaile koitadua, pasartea konponduko liokeen hitz berarentzat berri hori erabiltzeko asmotan oraindik ere. Erdarazko esaldia berriro irakurri, atzamarrak teklatu gainean idazteko prest, eta… hortxe geratu da, geldi, buruan hamaika deabrutxo beste hamaika aingerutxoren kontra borrokan dituela: DBHko ikastetxeetan banatzeko testua da, inork ez du ulertuko! Eta nola aberastuko dute hiztegia, inon berba berririk irakurtzen ez badute?! Euskarazkoa ulertzen kostatuko zaiela sumatu orduko, erdarazkora joko dute, ele bietan banatuko zieten eta! Orduan, zer, “ile” jartzea da irtenbidea?, eta kontura daitezela eurak noiz ari den burukoaz eta noiz beso-zangokoez? Eta biak bereizi behar direnean, zer, santa perifrasi maitea?…

Dilema horretan murgildurik utzi dut, arre edo so egin duen jakin gabe. Seguruen, frustrazio puntu batez sakatuko zuen “bidali” laukitxoa, itzulpena emateko epea amaitzen zen minutu berean, oraindik ere irtenbide egokiena zein zen erabaki ezinik.

4 Iruzkin

Bego Montorio atalean

4 responses to “Itzultzailearen dilema

  1. Fernando Rey

    Oso ona zure narrazioa. Oso ongi ematen du aditzera nola sentitzen den itzultzailea, nolako zalantzak izaten dituen. Eta hori zenez helburua, zorionak.
    Lankide asko elkarrekin gauden tokietan (gu 15 gaude gela berean; Euskal Herriko errekorra agian), badago beste baliabide bat, hagitz ona, hiztegiak berak baino askoz hobea: lankideei galdetzea, “Zuek nola esaten duzue hau? Zuek nola esanen zenukete?”. Hori izan da niretzat, segur aski, prestakuntza-bide hoberena. Asko ikasi dugu horrela denok elkarrengandik.

    Eta “barban” dela mintzagai, komentario ttiki bat.
    Nik ez nuke jarriko. Zure testuaren bukaerara ailegatu arte ez nekien zein zen. Denok ditugu gabeziak eta hutsuneak, baina hiperalfabetizatuok ez badakigu zer den, nola eskatuko diegu besteei hori jakitea.
    Gure herrietan eta gure “hiztegi bizidunean” (lankideak, alegia), zangoetako “bixarrak” aditu dut behin baino gehiagotan.

    • Bego Montorio Uribarren

      Azkenean, ez nuen erabili, erabaki zentzuzkoena zelakoan. Hori bai, oraindik ez daukat argi zein ahotsi egin nion jaramon, deabrutxoenari ala aingerutxoenari!

  2. inma errea

    Benetan ederra, Bego, edozein itzultzaileren eguneroko esperientziaren isla aratza… Zorionak eta mila esker!

  3. Xabier Aristegieta

    Niri ere asko-asko gustatu zait zure testua, Bego. Zorionak niregandik ere.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s