Artxiboa laburpen hitzeka: EIMA

KalkoManiak (eta II): ‘desberdintasun’ kontzeptuaren euskarazko desagerrarazpena

Xabier Aristegieta Okiñena

Kalko okerrak liburuari buruzko bigarren (eta, asmoz, azken) iruzkin kritiko honetan, nire desadostasuna adierazi nahiko nuke diferente, distinto, diverso adjektiboen euskal ordainari buruz liburuak adierazten duen iritziari dagokionez, alde batera utzirik lan horren egiletza dela-eta ustekabean sortu den nahaste-borraste xelebrea –eta liburuaren sarreran «egile nagusi»ari buruz egiten den aipamen garbia–.

Zehazki, Erdaraz izenaren aurretik doazen adjektiboen euskal ordainak izeneko atalean lantzen da gaia (31. orrialdetik aurrera, oro har, eta 35.etik 39.era bitarte, aipatu ditudan adjektiboei dagokienez).

Lehenbizi, liburuaren ikusmoldea laburbilduko dut eta, jarraian, nire desadostasuna oinarritzen duten arrazoiak azalduko.

Liburuak gaztelaniazko diferentes adjektibo pluralaren hiru erabilera bereizten ditu («gaztelaniatik datorkigunez gehienbat uholdea», dio):

  1. Kokagune «normala» (izenaren atzetik). Adibidez: Son casas diferentes –> Etxe desberdinak dira. Liburuaren arabera, bakar-bakarrik tankera honetakoak dira euskaraz desberdin/ezberdin erabiliz itzultzekoak.
  2. Kokagune «berezia» (izenaren aurretik), izen-sintagma mugagabearekin («mugagabe absolutua, zenbatzailerik-edo gabea»). Alegia, artikulurik gabe. Adibidez: Diferentes casas, diversos autores, diferentes actividades. Horiek euskaratzeko ezberdin/desberdin erabiltzea kalko okertzat jotzen da. Liburuak dio kalkoa saihesteko ez dagoela formula automatikorik ematerik: batzuetan, euskarazko «kuantifikatzaile arrunt» bat erabili beharko da, hala nola zenbait, hainbat, bai eta bat baino gehiago, hiruzpalau… Beste batzuetan, «esaldi osoa beste ikuspuntu batetik ematea izango da egokiena, zenbatzailerik ere gabe». Beste irtenbide batzuk ere aipatzen ditu.
  3. Kokagune «berezia» (izenaren aurretik), izen-sintagma mugatuarekin (alegia, los edo las artikuluekin). Adibidez: Las diferentes (distintas, diversas) lecciones, los diversos espacios publicitarios. Kasu honetan ere, kalko okerra omen da euskaraz ezberdin/desberdin erabiltzea, eta, kasurik gehienetarako, liburuak proposatzen duena da «batere ez markatzea». Adibidez: *Animalien eta landareen elikatzeko modu desberdinak –> Animalien eta landareen elikatzeko moduak.

Honaino laburpena. Ez dut uste muntazko ezer jaso gabe utzi dudanik, baina, badaezpada ere, nahi duenak zuzenean kontsulta ditzake liburuko orrialde jadanik aipatuak.

Garrantzitsua: euskarazko desberdin/ezberdin adjektiboen erabilera hori ez du Kalko okerrak liburuak soilik gaitzesten, edo mesfidantzaz ikusten. Hona zer dioen Euskaltzaindiaren Hiztegiak (2012), ezberdin sarrerapean:

«Oharra: udaleko alderdi politiko ezberdinak eta kideko esapideen lekuan, Euskaltzaindiak udaleko alderdi politikoak eta kidekoak erabiltzea gomendatzen du».

Gertatzen dena da ohar horren ulermenerako problematikoa dela «kideko» horrekin zehazki zer esan nahi den asmatzea. Ez dakigu Kalko okerraken egiten den sailkapenaren ildotik doan ala ez. Bestalde, azpimarratzekoa da Euskaltzaindiak ezberdinen erabileraren ordezkoa gomendatu besterik ez duela egiten.

Azaldutako guztitik ondorioztatzen da ezen, Kalko okerraken eta Euskaltzaindiaren aburuz, gaztelaniazko diferentes/distintos/diversos adjektiboek ‘desberdintasun’ esanahia adierazten dutela izenaren ondoren doazenean soilik (coches diferentes, leyes distintas), baina izenaren aurreko posiziora pasatzen direnean haien esanahia aldatu egiten dela (diversas leyes  –> zenbait lege, las distintas administraciones  –>  administrazioak, administrazio guztiak). Posizio-aldaketari loturiko esanahi-aldaketa garbia litzateke, eta hortik dator, pentsatzen dut, Kalko okerrakeko gomendio biribila: posizioa izenaren aurrera aldatzearekin, ‘desberdin’ esanahia galdu egiten da, eta horregatik ezin da euskaraz horrela eman.

Horri buruz, honako hau pentsatzen dut:

1.- Zenbait kasutan, egia da gaztelaniaz posizio-aldaketarekin ‘desberdintasun’ esanahiaren zurbiltze bat gertatzen dela («esanahi-galera erabatekoa» esatea askotxo iruditzen zait). Adibidez: los alcaldes de las diferentes localidades, representantes de las distintas facultades… Baina ez beti. Areago: ezta gehienetan ere, esango nuke. Horregatik, eta betiere nire ustez, Kalko okerrakek izenaren aurreko posiziorako egiten duen proposamenak on baino kalte gehiago egiten du, maizago eramaten duelako itzulpen-akatsa egitera, asmatzera baino.

Ezen inola ere pentsa al daiteke ondoko adibideotan (iturri… zera, desberdinetatik, atereak) ‘desberdintasun’ esanahia galdu denik?

  • Altura regulable según las distintas necesidades
  • Diferentes representaciones pictóricas de la torre de Babel
  • No es conveniente mezclar desde el punto de vista legal las situaciones de carencia puramente coyuntural de ingresos con las distintas problemáticas de la exclusión social
  • La experiencia de un grupo de víctimas de diferentes expresiones violentas
  • Merkel y Sarkozy se reunirán en París mañana para perfilar las distintas propuestas de reforma del Tratado, que implican una refundación de la Unión Monetaria
  • Tenemos que decidir qué estructuras le vamos a dar a la UE, cuando los diferentes países que la integran buscan distintos tipos de integración
  • La ingente experiencia institucional disponible en muchos países y diferentes contextos económicos y sociales
  • Nos encargamos de satisfacer las diferentes necesidades de los miembros de la familia
  • En arte llámase así la obra que combina elementos de distintos estilos.
  • El Parlamento de Navarra insta al Gobierno de Navarra a propiciar el encuentro entre las diversas corrientes historiográficas existentes…
  • Supo distinguir las diferentes circunstancias en las que se encontraban los académicos ante esta votación
  • El propósito de dar una muestra razonablemente amplia de nuestra tradición literaria ha tenido notables repercusiones a la hora de establecer las distintas acepciones dentro de un artículo

Kalko okerrak esaten ari zaiguna da esaldi horiek euskaratzerakoan jatorrizko testuan ‘desberdintasun’ gisa esplizitatzen zaigunari propio ezikusiarena egin behar diogula, «batere ez markatuz». Edo jatorrizko testuan adierazten zaigun nolakotasun bat, «kuantifikatzaile arrunt bat» tarteko, euskarazkoan zenbatekotasun bihurtu behar dugula.

2.- Utz dezagun orain alde batera gaztelaniaz posizioaren araberako esanahi-aldaketa hori gertatzearen hipotesia. Zer gertatzen da gure inguruko hizkuntzetan? Hona adibide-sorta murritz bat:

  • Alemanez, adibide dugu Friedrich Schleiermacher-en lan famatua, Ueber die verschiedenen Methoden des Uebersezens (garai hartako ortografiaz idatzia)
  • Italieraz: Le diverse religioni, le diverse fonti di energia, le diverse forme di governo
  • Ingelesez: Which are the different options for the mobility of doctorates?, The Different Forms of Flowers on Plants of the Same Species (Charles Darwin-en liburu bat)

Ez dakit ondorioztatu behar ote dugun aipaturiko hizkuntzetan (eta gehiagotan) ere kasuan kasuko adjektiboak bere ‘desberdintasun’ esanahia galdu duela. Eta, horrela balitz, galde genezake ea zergatik euskaraz ere ezin diegun utzi desberdin/ezberdini beren esanahia aldatzen.

Edo, agian, ondorioztatu beharko dugu adjektibo horiek beren ‘desberdin’ esanahiari eusten diotela. Eta, horrela balitz, galde genezake ea zergatik euskaraz ere ezin zaion eutsi.

3.- Nire ustez, eta gorago esan dudan bezala, ‘desberdintasun’ esanahiari eutsi egiten zaio ia beti (baita gaztelaniaz ere; baita, neurri txikiagoan, kasurik esanahigabetuenetan ere: bestela, zergatik ez du kasuko hiztunak todos/as, varios/as edo euskararako proposaturiko alternatiba horietako bat erabili, eskueran izanda?). Emandako adibideez gain, honako argudio hauek ere kontuan hartu beharrekoak iruditzen zaizkit:

3.1. Gaztelaniaz diferentes izenaren aurretik doanean ere, graduatua ager dakiguke. Eta egia balitz artikulua+diferentes+izena = todos/as+izena dela, graduatze horrek ez luke zentzurik izango, todos/asek ez baitu graduatzerik onartzen; ez indartze aldera eta ez ahultze aldera:

  • …cuando convenga, no por motivos de ordenación territorial, sino por los más diversos motivos…:
  • la autonomía como un principio dispositivo susceptible de muy diversas concreciones
  • la mayoría de los diferentes servicios que prestamos (eta beste hizkuntza batzuetan ere: most of the different / La plupart des differentes…)

3.2. Beste batzuetan, argi gelditzen da nolakotasunaren adjektiboak horixe, nolakotasuna, adierazten duela, eta ez zenbatekoa. Zergatik? Bada, kuantifikatzailea ere esaldian txertatuta ageri delako:

  • ikusi duguna da aztertu diren zerbitzu ezberdin guztietan erabat aleatorioa dela euskara eta gazteleraren arteko portzentajeen afera (Nafarroako Parlamentuko parlamentari bati entzuna)
  • culture is an independent force and deserves to be treated as central to the many and varied areas sociologists have traditionally studied

3.3. Azken gogoeta modura, honako galdera hau egin genezake: posizioaren araberako erabateko esanahi-aldaketaren teoria horri heltzen badiogu, zerk eragotziko digu esanahi-aldaketa horixe bera baieztatzea honako kasu hauetan?

  • The many deaths and atrocities associated with the Spanish Civil War
  • La politica fiscal de los numerosos gobiernos conservadores
  • Los correspondientes/oportunos permisos

4.- Luze atera zaidan artikulu hau laburbilduz: nire iritziz, zeharo zuzena da gaztelaniazko diferentes/distintos/diversos adjektiboak desberdin/ezberdin erabiliz euskaratzea, baita gaztelaniaz izenaren aurrean agertzen direnean ere. Zeharo zuzena eta, gehienetan, zuzenena.

20 Iruzkin

Xabier Aristegieta atalean

KalkoManiak (I)

Xabier Aristegieta Okiñena

Kezkaturik ikusten ari naiz benetako sorgin-ehiza bihurtuta daukagula kalko-ehiza euskal itzulpengintzan.

Horren adibide nabarmen bat da Juan Garziak bere Kalko okerrak liburuan (2005ean EIMAren estilo-liburuaren proiektuaren barruan argitaratua) «bezala ustela» deitzen duenaz dioena.

Abiapuntu gisa, hona hemen egilearen esaldi batzuk (liburuaren 73. eta 74. orrialdeetatik atereak):

Bezala ustela 

Bezala hitzaren berezko erabilera, bistan da, konparazioetarako da. Sakonean, perpaus bat dago bezala horren baitan:

  • Nola dabilen zuzendaria, hala dabiltza mendekoak.
    –> Zuzendaria (dabilen) bezala dabiltza mendekoak

Baliagarria da, hain zuzen ere, horretaz jabetzea, bezalaren erabilera egokia (konparaziozkoa) mugatzeko: posible izan behar da azpiko perpaus hori esplizitatzea, parafrasi modura.

Eta, horrenbestez, okertzat jotzen ditu antolatzaile bezala da ona esaldiaren modukoak, eta horrelakoetan antolatzaile gisa(ra)/moduan(ra) erabiltzeko proposatzen du. Gaitzesten duen bezalaren erabilerari buruz hauxe dio, dena den:

Azken adibide horren modukoak dira gehien nahasten direnak (nahastearen lehen adibide noizbehinkakoak zaharrak dira eta aski zabalduak dabiltza gaur egun zenbaiten hizkeran).

Bestetik, oin-ohar batean ere ohartarazten du:

Berriro ere garbi utzi behar dugu guk hemen esamolde bati izartxoa (*) ipintzeak ez duela esan nahi, nahitaez, euskaraz inoiz erabili ez denik, proposatzen den ereduarekiko desegokitzat jotzen dugula baizik.

Bada, hain zuzen ere erabilera gaitzetsi horixe hartu nahi dut nik hemen aipagai. Alegia, zuzendari bezala ona da, baina aktore bezala, oso txarraren tankerako esaldiak.

Nahiz eta Garziak bipil adierazten duen horrelako esaldiak bere ustez baztertzekoak direla, kontua da baieztapen huts-hutsetik haragoko inolako argudiorik ez duela ematen, harrigarria bada ere: besterik gabe dioenez, bezalaren «berezko» erabilera, erabilera «egokia», «bistan da», konparazioetarakoa da; beste erabilerari, berriz, zuzen-zuzenean zer eta «ustel» deitzen dio.

Ikuspegi hori ez da inola ere Kalko okerraken egilearena bakarrik, baina ez dut gogoan beste inori irakurri izana Garziak adinako biribiltasunez adierazita.

Horrela, ba, testugileok txintxo-txintxo jardun izan gara bezala «ustelak» saihesten eta/edo ezabatzen eta haien ordez gisa eta modura erabiltzen (bidenabar esanda, ez daukat ezer euskarazko adierazpideen aukera aberasten duten beste hitz horien aurka).

Zein ote du helduleku, baina, «bezala ustel»aren teoria horrek? Gaztelaniazko como, frantsesezko comme, ingelesezko as, alemanezko als eta abarren euskarazko baliokiderik ahoz erabiliena eta entzunena ez al da, alde handiz, bezala, testugileok urte hauetan zehar hori propio saihesteko egin ditugun saio guztiak eginda ere? Esan bezala, Garziak ez du bere iritziaren funtsatzerik eskaintzen.

Arreta pixka bat jartzen duen edonor konturatuko denez, bezalaren erabilera hori ez da inola ere zona erdaldundu bateko euskara pattalezko euskaldunberrien ezaugarria; aitzitik, bezala hori propio alboratzen saiatu ez den ororengan aurki daiteke. EGLUren beraren testuetako azalpenetan bilaketa bat egiteak eskaintzen du, bai, emaitza interesgarririk.

Garziak berak ametitzen du bere gaitzespenak ez duela esan nahi bezalaren erabilera «ustel» hori inoiz egin ez denik, eta jakinarazten du «nahastearen lehen adibide noizbehinkakoak zaharrak» direla eta gaur egun «aski zabalduak» dabiltzala «zenbaiten hizkeran» (letra etzanak nireak dira).

Horregatik, ohar hori irakurri ondoren Orotariko Euskal Hiztegian kontsulta egiten duenak nekez eutsi ahalko dio halako txundimen begi-irekigarri bati. Izan ere, OEHk dio:

Bezala
(…)
2. (Dv), bezela (Lar, Aq 903 (G, AN) A). En calidad de, como. “A fuer de” Lar, Aq y A. Tr. Documentado desde Dechepare, es de uso gral. excepto en la trad. vizcaína. Hasta mediados del s. XIX se emplea precedido de un sintagma nominal en caso absoluto indeterminado, o, con casi igual frecuencia, determinado; a partir de dicha época apenas se encuentran ejs. con determinado.

Eta jarraian, mendeka antolaturik, ustezko erabilera «ustel»aren zerrenda zinez oparoa (hemen ezin kopiatuzkoa, adibide-andanaren luzeagatik; nahi duenak erraz askoa du OEHn kontsulta egitea).

Beraz, Garziak aipagarritzat jo ez duen B. Etxepareren Linguae Vasconum Primitiaeraino barneratzen da, gure literaturaren historian, erabilera de facto debekatu hau. Hots, argitaraturiko euskarazko lehen libururaino (1545) eta, horrenbestez, euskarazko liburu inprimatu batek eman dezakeen lekukotasunik zaharreneraino. Hain baita zaharra.

Eta, honetara ezkero, ezin jaso gabe utzi liburuko eskaintzan Etxeparek izkiriatuak:

…çuri neure iaun eta iabia beçala igorten darauritzut
heuscarazco copla batzu…

Erabilera zaharra eta, gainera, garai hartatik guganaino bide argia egin duena: Leizarraga, Axular, Etxeberri Sarakoa, Txomin Agirre, Orixe, Lizardi, Txillardegi, … gutxi batzuk aipatzearren. Eta, esan bezala, Euskaltzaindiaren EGLUraino eta harago.

Horregatik, ezinezkoa zait denbora-galtze eta bazter-nahaste sentsazio etsigarri bati itzurtzea, pentsatzen dudanean lekukotasun erraldoi horren kontrakarrean hain luzaroan eta zentzugabeki eduki gaituztela.

Gibelsolasa

2012an argitaratutako Euskaltzaindiaren Hiztegiak adiera hau jasotzen du bezala sarrerapean:

Bezala
4
(Izen soilaren eskuinean). Ik. gisa 2. Azken helburu bezala hartuta: azken helburutzat hartuta. Hiruretan Lizardik du agian idazle bezala entzuterik handiena. Guraso bezala duten erantzukizuna. Ehule bezala aritu zen hamar urtean: ehule aritu zen. Euskaldunok maiz hartzen baitugu aditza mintzagai bezala.

Halatan, «ustela» omen zen bezala horri inoiz galdu beharko ez zukeen thornuya itzuli dio.

2 Iruzkin

Xabier Aristegieta atalean

Estilo-liburuak

Idoia Santamaria Urkaregi

Denok erabiltzen ditugu estilo-liburuak, idaztean izaten ditugun zalantzetarako argi bila gabiltzanean. Euskararekin zuzenean lotuak daude horietako batzuk, jakina (Berriaren estilo-liburua, Xabier Alberdi eta Ibon Sarasolaren Euskal estilo libururantz, EIMA osatzen ari den estilo-liburua…).

Baina beste hizkuntzetakoak ere oso lagungarri izaten dira askotan, besteek arazoak nola konpontzen dituzten ikusteko. Besteak beste, ezagunak dira José Martínez de Sousaren Manual de estilo de la lengua española (Trea, 4. edizioa, 2012), Chicagoko Unibertsitatearen The Chicago manual of style (16. edizioa, 2010; paperean eta sarean), Europar Batasuneko erakundeen estilo-liburua (EBko hizkuntza guztietarako estilo-gomendioak eta hizkuntza bakoitzari dagozkionak; paperean eta sarean), Maurice Grevisseren Le bon usage (DeBoeck-Duculot, 15. edizioa, 2011; paperean eta sarean)…

Gaur, katalanezko estilo-liburu mardul, egoki eta gomendagarri bat nabarmendu nahi nuke: Manual d’estil. La redacció i l’edició de textos (Josep M. Mestres, Joan Costa, Mireia Oliva eta Ricard Fité, Eumo Editorial, 4. edizioa, 2009, UB Bartzelonako Unibertsitatearekin eta UPF Pompeu Fabra Unibertsitatearekin batera argitaratua). Mila orritik gorako lan sakon eta zehatza da, katalanentzat ez ezik gainerakoontzat ere eredugarria, eta kontsulta-baliabide aparta.

Iruzkin 1

31 eskutik atalean